Txirrindularitzari buruzko eskola magistrala egingo da Gaztetxean
Mutrikuko Gazte Asanbladak urtarrilerako antolatu dituen proposamenen artean, eskutik etorriko dira bizikleta eta musika. Bihar, esate baterako, txirrindularitzari buruzko eskola magistrala egingo da Gaztetxean. 19:30etik aurrera, Igor Romero txirrindu...
Gazte asanbladako kideek aurreratu dutenez, mutrikuarrak txirrindulari profesional modura izandako esperientzia kontatzeaz gain, beste hainbat bizipen kontatzeko aukera izango du. «Lasterketarako zelan prestatzen zen azalduko die hitzaldira bertatzen direnei, bizikleta matxuren konponketak zelan egin, txirrindularitza profesionalean aritzeko zer nolako elikadura den beharrezkoa edo ibilbide profesionalean izandako hainbat pasadizoren berri emango du».
Zapatuan, berriz, pop, rock eta folk doinuek hartuko dute Gaztetxeko oholtza gainea. 22:30etik aurrera, Nabil talde lekeitiarragaz eta Izaki Gardenak talde gasteiztarragaz batera gozatzeko aukera egongo da, 22:30etik aurrera. Gasteiztarrak, hain zuzen ere, Aurri gara diskoaren bira amaitzen ari dira, eta Mutrikuko kontzertua azkenetako bat izango dute.
Domekan, amaitzeko, haur eta guraso asanblada egingo da Gaztetxean. Guraso talde batek Gaztetxeko espazioa erabiltzeko proiektu bat aurkeztuko du, hain zuzen ere, 18:30etik aurrera. «Gure ideia Gaztetxeari ahalik-eta erabilera handiena ematea da. Guraso talde batek espazioa erabiltzeko proposamena egin digu, eta horren berri emango dute batzarrean. Besteak beste, haurrentzako hainbat ekimen nahi dituzte egin bertan: tailerrak eta hitzaldiak, esate baterako».