Etxebarriko Udalak komun publikoak eraikiko ditu bidegorrian
1,7 milioi euroko aurrekontua edukiko dute aurten. Hasitako proiektuekin jarraitu, eta berriak gauzatuko dituzte. EH Bildu ez da ados agertu aurrekontu osoagazEtxebarriko Udalak 1,7 milioi euroko aurrekontua edukiko du 2017ko jardunerako, 1.773.524 eur...
1,7 milioi euroko aurrekontua edukiko dute aurten. Hasitako proiektuekin jarraitu, eta berriak gauzatuko dituzte. EH Bildu ez da ados agertu aurrekontu osoagaz
Etxebarriko Udalak 1,7 milioi euroko aurrekontua edukiko du 2017ko jardunerako, 1.773.524 euro, hain zuzen. Aurrekontuen zati handiena inbertsioen atalera bideratuko dute, 295.624 euro erabiliko dituzte inbertsio errealetarako. Proiektu berrietako bat bidegorriko komun publikoak izango dira.Inbertsioen atalari dagokionez, aurretik hasitako proiektu batzuekin jarraitu eta egitasmo berriak aurrera eramateko asmoa erakutsi du udal gobernuak. Alde batetik, baserri bideak konpontzen eta kaleak mantentzen jarraituko dute, eta horretarako, 55.000 euro gorde ditu udalak.
Iaz bezala, baserrietara argiteria publikoa eramaten ere jarraituko dute, eta bigarren faseak 30.000 euroko aurrekontua edukiko du. «Iaz 66 baserritan jarri genuen argia, eta aurten beste 40 geratzen zaizkigu amaitzeko», azaldu du Jesus Iriondo Etxebarriko alkateak.
Herrigunetik kanpo dauden eta nahi izan duten baserri denetan argiteria jartzea da udalaren asmoa, eta aurretik argia jarrita dutenei laguntza emango dietela zehaztu dute.
Herri-antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) egiteko pausoak ematen jarraitzeko eta ikastetxe publikoa egiteko aldaketa puntual bat egiteko 70.000 euro aurreikusi dituzte, eta Otsolo eraikinaren proiektua egiteko 20.000 euro. «Diagnostiko bat egin zen, eta beste batzuen artean, ekipamendu falta eta liburutegi handiago eta irisgarriago baten beharra zegoela adierazi zuten herritarrek. Ideia batzuk badaude, eta hortik abiatuta gauzatuko dugu Otsolo eraikineko proiektua».
Bestalde, udaletxeko teilatua eta Manuela Zubizarreta eskola publikoaren teilatua konponduko dituzte, eta horretarako, 30.000 euro eta 26.500 euro aurreikusi dituzte, hurrenez hurren. Horrez gain, hesi batzuk ere erosteko asmoa dauka udalak. Aurtengo proiektu nagusietako bat, bestalde, bidegorrian komun publikoak jartzea izango da. «Inguru horretan, gainera, aire libreko gimnasio bat ere jarriko genuke». Bidegorriaren proiektua egiteko 57.000 euro beharko dituzte.
Desadostasuna
Nahiz eta aurrekontuaren zati bategaz ados egon, baserri bideen konponketagaz, eskola guneko aldaketagaz, HAPO, teilatuen konponketagaz…, Etxebarriko EH Bildu ez da agertu ados aurrekontu osoagaz; hori dela eta, aurrekontu horren bozkan abstenitzea erabaki zuten. Hainbat proposamen egin zituen taldeak aurrekontuetan sartzeko. Batik bat inbertsioen atalean kultur aretoaren erabilera anitza izateko jarleku mugikorrak jartzea, eskola guneko urbanizazio proiektuaren lehen faseari hasiera ematea, Nemak enpresaren aurrealdeko saihesbidearen proiektua egin eta zarata ekiditeko panelak jartzea eskatu zuten.
Gastu arruntetan ere proposamenak egin zituen EH Bilduk. Beste batzuren artean, herriko zerbitzuen gida bat egin eta zabaltzea proposatu zuten, HITZAri udalak ematen dion laguntza igotzea eta udal buletinak eta iragarkiak euskarazko prentsan ere argitaratzea eta alfabetatze ikastaroak herrian ematea.
Horrez gain, herrian Interneteko komunikazio sistema fibra optiko bidez hobetzea, herri ortu publikoen lanketa egin eta auzo konpostagune berriak sustatzea, Udalbiltza proiektuan parte hartzea, Korrikari laguntzea, uda sasoian hilabeteko bi langile hartzea eta ikastaroen bitartez politika feminista sustatzea ere proposatu zituen EH Bilduk.