Musika, jolasa, kirola eta lagunarteko giroa dakarte Barinagara San Anton jaiek
Gaur ospatuko dute egun nagusia, eta asteburuan jarraituko du egitarauak. Zapatuko bertso afarirako txartelak salgai daude, Baskaran Estankoan eta Barinagako Kontzeju ZaharreanSan Anton jaiak ospatzeko prest daude Barinaga auzoko bizilagunak. Gaur izan...
Gaur ospatuko dute egun nagusia, eta asteburuan jarraituko du egitarauak. Zapatuko bertso afarirako txartelak salgai daude, Baskaran Estankoan eta Barinagako Kontzeju Zaharrean
San Anton jaiak ospatzeko prest daude Barinaga auzoko bizilagunak. Gaur izango dute jaietako lehen eguna, San Anton eguna bera, eta asteburuan jarraituko dute ekimenekin.12:15eko meza nagusiaren ostean elkartu, eta bazkaria edukiko dute auzoko erretiratuek Iturritxu elkartean. Auzoko elkartea izango da, batez ere, jaietako bilgune nagusia, bertan egingo dira bai eta ere, zapatuko briska txapelketa eta bertso afaria.
Berritasun modura, musika edukiko dute erretiratuek bazkalostea alaitzeko. Mirari Azkune eta Aintzane Agirrebeña trikitilariek animatuko dute arratsaldeko giroa.
Lasterketa
Kalamuatik Barinagarainoko lehen jaitsierak emango dio hasiera zapatuko egitarauari. Barinagako Jai Batzordeak 10:30ean jarri du ordua parte-hartzaileak batzeko, eta 12:00etan hasiko da lasterketa.
Parte hartzeko aukera zabalik dago oraindik. Barikura arte daukate korrikalariek www.herrikrosa.eus web orrialdean sartu eta izena emateko aukera.
16:30etik aurrera, briska txapelketa jokatuko da elkartean. Horretaz gainera, Euskal Herriko Mus Txapelketaren kanporaketa ere Barinagan jokatuko dela jakitera eman dute jai batzordeko kideek, 17:00etan, Iturritxun.
Briskan irabazten duen bikoteak 120 euro eta txapelak eramango ditu, bigarrenak 80 euro, hirugarren bikoteak 50 euro eta laugarren gelditzen denak Santamañeko gazta bi.
Jaiak ez du etenik izango goizaldera arte. Izan ere, 21:00etan bertsoak eta janak bat egingo dute, urtero hainbat lagun biltzen dituen bertso afarian, eta ostean, erromeria egongo da.
Aurten, Nerea Ibarzabal markina-xemeindarra eta Onintza Enbeita muxikarra ariko dira bertsotan. Dantza giroa, berriz, Laja IIak eta Lutxurdixok jarriko dute. Amaitzeko, berakatz zopa eskainiko dute, goizaldean.
Afariko txartelak Baskaran Estankoan eta Barinagako Kontzeju Zaharra tabernan eskuratu daitezke, 20 euroan ikasle eta langabetuek, eta 25 euroan langileek.
Ibilaldia
Domekan, pare bat orduko ibilaldia egingo da auzoko mendi eta baserrietatik, 10:30ean plazatik irtenda. Beste alde batetik, 12:15eko mezaren ostean, janariz betetako orgaren zozketa egingo dute. Jai batzordekoek gehitu dutenez, «Gure Esku Dago-ren sinadurak bilduko dira jaietan».