Kamiñazpin zelako parkea nahi duten aukeratuko dute herritarrek
Parte-hartze prozesuan umeak izango dira, estreinako, protagonista. Otsailean abiatuko dute, eta sei hilabeteko iraupena edukiko du. Parkea irailean ireki nahi duteKamiñazpiko parkea eraberrituko du Ondarroako Udalak. Eta parkeko erabiltzaileek erabak...
Parte-hartze prozesuan umeak izango dira, estreinako, protagonista. Otsailean abiatuko dute, eta sei hilabeteko iraupena edukiko du. Parkea irailean ireki nahi dute
Kamiñazpiko parkea eraberrituko du Ondarroako Udalak. Eta parkeko erabiltzaileek erabakiko dute nolako eremua nahi duten, parte-hartze prozesu baten bidez.Proiektua garrantzitsua dela nabarmendu du udalak, eta biztanle guztien eskubideak bermatzeko hirigintzan ere «ikuspegi barneratzailea» txertatu nahi dute. Oier Lertxundi Ondarroako Hezkuntza Batzordearen eta parte-hartze prozesuaren arduradunak azaldu duenez, erabiltzaile guztiekin egingo den prozesu bat izango da. «Zelako herria nahi dugun erabakitzea herritarroi dagokigu, herritar guztioi. Hori dela eta, herrian egin behar ditugun aldaketak guztion premia eta nahietara egokitzea garrantzitsua da».
Berritasun modura, gainera, adin guztietako erabiltzaileei zuzendutako parte-hartze prozesua jarriko du martxan udalak. «Udalak beste hainbat parte-hartze kanpaina egin izan ohi ditu, baina kasu honetan, umeek ere parte hartuko dute, estreinako. Azken finean, parkeko erabiltzaile nagusiak eta etorkizuneko Ondarroako biztanleak ere eurak izango direlako, ezinbestekoa da beraien nahiak ere biltzea».
Prozesua dinamizatzeko Hirideak diseinu eta parte-hartze gaietan aditu taldeko Ianire de Andres, Agurtzane Elguren, Ibai Gandiaga eta Jabier de Andres eta haurren aisialdian aritzen diren Amaia Badiola eta Aitor Bedialauneta begirale ondarrutarrek osatutako lantaldearen laguntza edukiko du udalak. Nabarmendu dutenez, parkea urbanizatzeko eta diseinatzeko proiektua eta parte-hartze prozesua bera paraleloki gauzatuko dira. «Hezkuntza eta hirigintza uztartzen dituen proiektua izango da».
Ianire de Andres Hirideak taldeko kideak adierazi duenez, saioetan jasoko dituzten ideiak estudioan landuko dituzte teknikoki, eta handik lortutako emaitzak hurrengo saioan eztabaidatuko dituzte.
Lau saio
Otsailean abiatuko dute parte-hartze prozesua, eta, guztira, sei hilabeteko iraupena izango du. Proiektuaren arduradunek aurreratu dutenez, lau saio egingo dira. Otsailaren 11n egingo da lehenengo lan saioa, eta hurrengoak martxoaren 4an eta 18an egingo dira. Azken saioa, berriz, apirilaren 8an egingo da. Saioak, ahal den heinean, bertan parkean egiteko nahia agertu dute, «parkeak berak ematen dituen aukerak aprobetxatzeko».
Lehen saioari dagokionez, gaiaren inguruko diagnostikoa egingo da. «Zer egin nahi den, espazioa zertarako erabiltzen den, herritarrek zer egin nahiko luketen, zeintzuk diren euren desirak eta beharrizanak… eta ikuspegi tekniko batetik horiek zelan ahal ditugun finkatu adostuko dugu». Bigarren eta hirugarren saioetan, berriz, herritarren proposamenei forma eman, eta parkea zelan diseinatuko nahiko luketen galdetuko zaie. Eta azken saioan, berriz, sorkuntza bateratua deritzona egingo dute.
Bestalde, prozesua osatzeko hiru lan talde osatuko dira. Herritarrak bi taldetan banatuko dira haurrak eta helduak, eta horregaz batera, udal teknikariak, arlo ezberdinetako zinegotziak, herri elkartetako ordezkariak eta herriko beste hainbat agentegaz osatutako jarraipen batzordea ere sortuko da. Jarraipen batzordeak, hein handi batean, prozesu osoa ikuskatuko du, eta ekarpenak egiteko aukera ere emango du.
Haurren parte-hartzea
Proiektuaren arduradunek nabarmendu dutenez, saioak heldu eta haurren artean banatzea «oso aberasgarria» iruditzen zaie. «Saioak elkar banatuta egingo ditugu, eta talde bien elkarlana sustatzeko, saioen amaieran bildu eta nahiak eta proposamenak partekatuko ditugu».
Haurrentzako saioak, bestalde, eta konfiantza-giroa gauzatzeko, jolasean oinarrituta egongo dira, herriko begiraleekin lankidetzan. «Jolasen bitartez, beraien ametsetako parkea irudikatzeko tresnak eskura izango dituzte herriko txikienek. Umeek euren beharrizanak, iritziak, proposamenak… azaleratu ahal izango dituzte».
Azkenik, prozesuaren amaieran ekainean aurkezpen publiko bat egingo da, «behin betiko diseinu hori aurkezteko». Udalak gaineratu duenez, udan gauzatuko dituzte parkeko lanak, «erabiltzaile gutxien orduan egoten delako»; eta irailean parkea berriro zabalik egotea aurreikusten da.