Istripuak saihestu aldera, Bermeoko Udalak gatza bota du hainbat tokitan
Eusko Jaurlaritzak muturreko tenperatura baxuagatik eta izotzagatik abisua iragarri du. Hori dela eta, Bermeoko Udala gatza botatzen ari da herriko leku ezberdinetan, gerta daitezkeen istripuak saihestu asmoz.
Udaletik jakinarazi dutenez, gaur goizean hasi dira zerbitzuetako langileak herrian zehar gatza botatzen. Beste leku batzuen artean, honakoetan aurki daiteke gatza lurrean: anbulatorioan eta osasun zentroetan, ikastetxeetan, azokan, zaharren udal egoitzan, Alde Zaharrerako sarreretan, kiroldegian, Taraskan… Iluntzean, berriz, Herri Babesako boluntarioek auzoetan botako dute gatza.
Bermeoko Udaleko zerbitzuetako zinegotzi Benito Ibarrolazak azaldu legez, «Udaltzaingoak egoera zelan dagoen ikusteko jarraipena egingo du, toki bakoitzaren beharrizanak zeintzuk diren jakiteko».
Gatza prebentzio modura botatzen dutela gogorarazi du Ibarrolazak, «izotza balego, herritarrak laprast ez egiteko eta istripuak saihesteko». Hala, herritarrei kontuz ibiltzeko eskatu die.