Gaurtik aurrera tenperaturak nabarmen jaitsiko direla iragarri dute
Termometroak zero azpitik egongo dira datozen egunetan, -5era ailegatu arte. Hotz handiena egingo duen eguna bihar izango dela aurreratu du EuskalmetekEuriaren ostean, datozen egunetan hotza izango da protagonista. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak abi...
Termometroak zero azpitik egongo dira datozen egunetan, -5era ailegatu arte. Hotz handiena egingo duen eguna bihar izango dela aurreratu du Euskalmetek
Euriaren ostean, datozen egunetan hotza izango da protagonista. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak abisu horia ezarri du muturreko tenperatura baxuengatik eta izotzagatik; abisua gaurtik bihar arte ezarri du Jaurlaritzak. Gaur, esaterako, tenperatura minimoak eta maximoak 0 eta 5 gradu ingurukoak izango dira kostaldean; -1 eta 4 ºC-koak, aldiz, barnealdean. Hotz handiena egingo duen eguna bihar izango dela aurreratu dute.Euskalmet euskal meteorologia agentziak jakitera eman duenez, aire polarra ailegatuko da gaur Euskal Herrira, hotza eta hezea. Eta horrek eragingo du tenperaturak nabarmen jaistea.
Biharko eguna
Beste egun batzuetan bezala, gaur eta bihar ez du askorik epelduko eguerdi aldean. Eta ondorioz, izotza ez da urtuko. Bihar, gainera, are gehiago jaitsiko dira termometroak, eta tenperatura baxuenak -5 gradu ingurukoak izango dira. Barnealdeko zenbat gunetan, gainera, tenperaturak ez du zerotik gora egingo egun osoan. «Tenperatura baxuenak eguen eta bariku goizaldean erregistratuko badira ere, eguaztenean hotz sentsazioa handiagoa izango da».
Tenperatura bat-batean jaitsiko dela ere iragarri dute, batez ere goizaldean.
Ur putzuak, arriskutsuak
Bai eguaztenean, eguenean eta barikuan, tenperatura 1-3 gradu artean ibiliko da kostaldean, eta 0-2 artean barnealdean.
Aurreikuspenen arabera prezipitaziorik ez dela egongo iragarri dute. «Dena dela, barikura bitartean euria egingo balu, baliteke itsas mailan ere lurra egitea».
Euririk egingo ez balu ere, azken egunetako euriteek eraginda ur putzuak han hemenka daudela eta horiek izoztu egin ahal direla esan dute. Ondorioz, izotzagaz kontu handiz ibiltzeko oharra zabaldu dute; zenbait gunetan errepidea bera ere izoztu egingo da.
Dena dela, elur maila 1.000 metro inguruan ezarriko dela iragarri dute. «1.000 metro azpitik elurra egitekotan, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako mendebaldean egingo du».
Beraz, gaurtik aurrera, duela bi aste gertatu zen modura, Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko bazter ugari izoztu egingo dira. Eta paisaia polita izan ahal bada ere, arriskutsua ere izan daiteke.