Lacturale Araskiri 61-63 irabazi zion zapatuan. Hain zuzen ere, denboraldi honetan gasteiztarren kantxan garaipena lortzen duen talde bakarra da.
Emaitzak adierazten duen moduan derbi estua izan zen Mendizorrotzakoa, eta Gernika-Lumotik Gasteizera joandako 100 bat zaleek bi taldeen jokoaz gozatu zuten.
Kalitate aldetik ez zen distira askoko partida izan, baina, intentsitatea eta emozioa ez ziren falta izan. Azken momentura arte garaipena eskuratzeko borrokatu zuten bi taldeetako jokalariek, eta azkenean, luzapenean erabaki zen lehia.
Antonija Misura.
Argazkia: Gernika KESB.
Chanel Mokangoren debutak ikusmina sortu zuen, eta jokalari bizkorra dela erakutsi zuen. Hark, Asurmendik, Pinak, Carterrek eta Misura taldera heldu berriak osatu zuten Lointek Gernika Bizkaiaren hasierako boskotea. Lehiari sendo ekin zion talde gernikarrak, baina, berehala etxeko taldeak estu hartu zuen.
Hain zuzen ere, Lointek Gernika Bizkaiak estreinatu zuen markagailua. Laugarren minuturako, 0-4 jarri zen aurretik. Gainera, hasierako minutuetan Mokangok zertarako gai den erakutsi zuen; zazpi minutu eta erdian zortzi puntu eta hiru errebote lortu zituen.
Lehia estua espero zen, eta horrela izan zen. Hala, horren erakusle da lehen laurdeneko emaitza: 11-12. Bigarren laudenean ere indartsu aritu ziren bi taldeetako jokalariak. Intentsitatea nabaria zen denengan. Araskik markagailuan aurretik jartzea lortu zuen (20-19), baina, ez zen luzarorako izan, eta 26-26 berdinketagaz heldu ziren atsedenaldira.
Aldageletatik bueltan Carterrek eta Mokangok osaturiko bikoteak Araskiko jokalariak aztoratu zituen. Gernika-Lumoko taldeko jokalariek ez zuten arazorik kantxan mugitzeko eta beren jokoa egiteko. Oreka apur bat falta izan zitzaien, baina, defentsa lanean fin aritu ziren. Horrela, hiru minutu pasatxotan 2-11ko partziala lortu zuten.
Chanel Mokango.
Argazkia: Gernika KESB.
40-41ko markagailuagaz heldu ziren azken laurdenera, eta Lointek Gernika Bizkaiak zenbait arazo izan zituen lehenengo minutuetan. Nahi eta ezinean zebilen. Jokalariak motelago ari zirela ikusita, Mario Lopez entrenatzaileak hutsartea eskatu zuen.
Neurketa amaitzeko lau bat minuturen faltan, 52-49ko markagailuagaz zeuden. Gero, Asurmendiren partidako lehen bi puntuei esker, puntu bakarrera jarri ziren.
Lehia amaitzeko bi minutu falta zirenean hiruko ikaragarria sartu zuen Tudanca Araskiko jokalariak (55-51), eta gero, Pinaren hirukoagaz markagailuari buelta ematea lortu zuen talde gernikarrak. Azken laurdenaren azken minutuetan jaurtiketa libreak izan ziren protagonista. Mokangok bitik bakarra saskiratu zuen, eta Tudancak bitik bi huts egin zituen.
57-57ko emaitzagaz luzapenera joan ziren. Carterrek egin zuen luzapeneko lehen saskiratzea, eta Asurmendiren eskutik lortu zuen garaipena Lointek Gernika Bizkaiak. Liñeira etxeko jokalariak gasteiztarrentzat garaipena lortzeko aukera izan zuen, baina, haren hirukoa ez zen sartu.