Atzo Abadiñon jokatu zuten 93. Bizkaiko Kros Txapelketa, bakarkako zein taldekako lau kategoriatan: kadeteak, juniorrak, gazteak eta absolutuak. Bizkaiko hamazazpi taldetako ordezkariek parte hartu zuten.
Taldekako lehian nesken gazte mailan hirugarren sailkatu zen talde gernikarra, eta mutiletan junior eta gazte mailetan zilarrezko domina lortu zuen.
Argazkia: Gernika Atletismo Taldea
Halaber, bakarkako junior kategorian Mikel Goitia gernikarrak brontzezko domina irabazi zuen.
Gernika Atletismo Taldeko 26 atletak parte hartu zuten txapelketan, eta egindako lanagaz pozik daude: “Batez ere nesketan lortutako postuagaz oso pozik gaude. Gero eta neska gehiago ditugu taldean, eta bai haiek eta baita mutilek ere oso lan polita egin zuten”.
Mikel Goitiak brontzezko domina eskuratu du junior kategorian. Argazkia: Gernika Atletismo Taldea
Kadete mailan lau neska eta mutil bat lehiatu ziren, gazte mailan zortzi neska eta sei mutil aritu ziren, juniorretan bost mutil eta absolutu mailan neska eta mutil bana.
Bizkaiko Txapelketaren ostean, Euskadiko Txapelketa jokatuko dute otsailaren 5ean, Sopuertan. Atzo legez, Euskadikoan ere maila ona erakustea da haien asmoa: “Euskadiko Txapelketarako prestatzen gabiltza. Espero dugu lesionatuta daudenak ordurako prest izatea. Lan ona egin eta gozatzea da gure helburua, eta ea Espainiako Txapelketara talderen bat sailkatzea lortzen dugun”.
Hain zuzen ere, otsailaren azken asteburuan jokatuko dute Espainiako Txapelketa (lekua oraindik ez dago zehaztuta).
Talde guztiek lortutako dominak:
- Santutxu-Bilbao Atletismo: 7
- Durangaldea Running: 6
- Durango KT: 5
- Gernika Atletismo Taldea:4
- Galdakao:4
- Santurtzi:4
- Erandio:3
- Bidezabal Atletismo:3
- Sendoa:3
- Barakaldo:2
- Muñatones:2
- Sopelako Munarri:2
- Artunduaga:1
- Tximista:1
- Berango:1
- Mungia:1
- Zornotza:1