Eusko Jaurlaritzak emanda, Itsasoko Gurutze Gorriak salbamendu ontzi berri bat izango du Bermeon. Gaur goizean egin dute aurkezpen ekitaldia Itsasoko Gurutze Gorriak Bermeon duen egoitzan.
Estefania Beltran de Heredia gaur Bermeoko ekitaldian
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko sailburu Estefania Beltran de Herediak parte hartu du ekitaldian. Beragaz batera, Iñaki Irusta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Gurutze Gorriko presidentea, Carmen Martin Gurutze Gorriaren Osasuneko eta Sorospenetako Saileko zuzendaria, Josu Zubiaga segurtasuneko sailburuordea eta Pedro Anitua Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendaria egon dira, besteak beste.
Izaro I ontziak euskal kostaldeko uretan salbamenduak egiteko beharrezkoak diren baliabide guztiak dituela esan dute: Nabigazio eta komunikazio sistemak, radarra, sirena, GPSa, bozgorailua, larrialdirako argiak… Ontzia erosteko eta hornitzeko, Eusko Jaurlaritzak 159.000 euroko inbertsioa egin du. Ia bederatzi metroko luzera duen ontzi erdi-zurruna da. Karelez kanpoko bi motor dituela jakinarazi dute, guztira, 400 zaldiko potentzia du. 35 korapilako abiadura har dezake, eta autonomia handia du, biltegian 620 litro erregai sartzen baitira. Ontzian, berriz, 18 lagunentzako lekua dago.
Salbamendu ontzi berrira igotzeko aukera ere eduki du Segurtasun saileko sailburuak. Kirol portuan igo eta azalpenak entzun ondoren, San Pedro arrantzaleen kofradia aurreraino eroan dute.
Eskumena eskatu. Euskal Autonomia Erkidegoan, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza arduratzen da itsas salbamenduaz, nahiz eta Espainiako Estatuaren eskumena den. Beltran de Heredia sailburuak azaldu legez, «eskumen hori eskualdatu egin beharko litzateke, eta Jaurlaritzatik eskumen hori eskatzen ari gara eta eskatzen jarraituko dugu, Gernikako Estatutuan onartzen den eskumen bat delako».
Kirol portutik portu komertzialeraino joan dira ontzi berrian
Bitartean, Larrialdietako eta Meteorologiako Zuzendaritzak bere bitartekoekin jarraituko du eginkizunekin. Horretarako, Gurutze Gorria moduko erakundeekin duten lankidetza «oinarrizkoa eta behar-beharrezkoa» dela esan du sailburuak. Horien lana egiteko, baina, bitarteko eta baliabide egokiak behar dituztela adierazi zuen, eta bien arteko lankidetzaren emaitza da, hortaz,
Izaro I moduko inbertsioa, «Gurutze Gorriaren ontzidia indartzeko eta modernizatzeko».
Itsasoko Gurutze Gorriak, urtean, 300 salbamendu baino gehiago egiten dituela jakinarazi du Beltran de Herediak. Hala, horiek guztiek egiten duten lana eskertu eta goraipatu du.
Gaur, Bermeon, aurkeztutako salbamendu ontziagaz hamalau dira Euskal Autonomia Erkidegoko itsas salbamenduko ekipamendua osatzen duten ontziak, eta portu ezberdinetan aurki daitezke: Arriluze (3), Bermeo (2), Ondarroa (2), Getaria (1), Donostia (2), Pasaia (2) eta Hondarribia (2). Horiek guztiak Eusko Jaurlaritzak emandakoak direla nabarmendu du.