Bermeoko Itsuki Irratia gaur bertan hasiko da ohiko emisioekin
Bermeoko Udalaren 2016. urteko diru laguntza jaso ez zutela eta, Bermeoko Itsuki Irratiak emisioa eten zuen astelehenean, protesta modura. Udalak diru laguntza ordaindu bitartean ez zirela bueltatuko azaldu zuten irratiko arduradunek ohar baten bitarte...
Atzo, berriz, udalaren diru laguntzaren zatirik handiena jaso dutela azaldu zuten irratiko arduradunek, eta, beraz, gaur bertan, «normaltasunez, ohiko emisioekin» hasiko direla jakinarazi dute.
Irrati bermeotarreko langileek «orain arte likidezia faltagatik kobratu ezin izan dituzten azken lau hilabeteetako soldatak kobratu ahal izango dituztela» adierazi dute.
Itsuki Irratiak hartutako erabakiaren aurrean, Bermeoko Udalak esan zuen «ez zela bidezkoa, ez eta onargarria, Itsuki Irratiak Bermeoko Udala bere egoeraren erantzule egitea, enpresa pribatu bat delako». Hala ere, diru laguntzaren %80 urtarrilean jasoko zutela esan zuten, eta, gainontzekoa, «eskatutako agiri guztiak aurkezten dituztenean».