Bermeoko Udalaren laguntza hartu arte, Itsuki Irratiak emisioa eten du
Udalaren arabera, «ez da bidezkoa, ez eta onargarria, udala irratiaren egoeraren erantzule egitea, enpresa pribatua baita». Diru laguntzak urtarrilean ordainduko dituztela dioteBermeoko Itsuki Irratiak emisioa etetzea erabaki du Bermeoko Udalaren 201...
Udalaren arabera, «ez da bidezkoa, ez eta onargarria, udala irratiaren egoeraren erantzule egitea, enpresa pribatua baita». Diru laguntzak urtarrilean ordainduko dituztela diote
Bermeoko Itsuki Irratiak emisioa etetzea erabaki du Bermeoko Udalaren 2016. urteko diru laguntza jaso arte. Ohar batean azaldu dutenez, «irratiko langileek lau hilabete daramatzate soldatak kobratu barik, likidezia faltagatik». Astelehenean hasi zuen Itsuki Irratiak udalaren 2016ko diru laguntza oraindik jaso ez duela salatzeko protesta.Jakinarazi dutenez, Bermeoko Udalak iazko abuztuaren 31ko osoko bilkuran onartu zuen 15.000 euroko diru laguntza ematea; 2015ean baino 3.000 euro gutxiagoko laguntza, hain zuzen. Murrizketa horrek eta azken urteetako publizitate sarreren jaitsierak Itsuki Irratiaren egoera ekonomikoan eragin zuzena izan dute. Kontuan izan behar da, gainera, administrazio publikoen aldetik jasotzen dugun laguntza bakarra dela Bermeoko Udalarena».
Itsuki Irratiko arduradunek «ahalik eta arinen» bueltatzea espero dute, eta entzule guztiei parkamena eskatzen die eragozpenengatik, eta udalaren diru laguntza jaso bezain laster bueltatuko direla adierazi dute oharrean.
Beste modu batera
Itsuki Irratiak hartu duen erabakiaren aurrean, Bermeoko Udalak erantzuna eman gura izan du: «Ez da bidezkoa, ez eta onargarria Itsuki Irratiak Bermeoko Udala bere egoeraren erantzule egitea. Enpresa pribatu bat da, hortaz, bere egoera ekonomikoa eta langileak soldata kobratu barik egotea Itsuki Irratiaren erantzukizuna da, eta ez Bermeoko Udalarena».
Herriko beste hainbat talderi moduan, diru laguntza urtarrilean ordaintzea aurreikusita dagoela adierazi du udalak. Dioenez, Itsuki Irratiak urtarrilean jasoko du diru laguntzaren %80a, eta, gainontzekoa, berriz, «eskatutako agiri guztiak aurkezten dituztenean».
Azaldu dutenez, emisioa eteteko erabakia astelehenean bertan jaso zuen udalak «modu ofizialean». Horien ustez, «aukera zegoen gauzak beste modu batera egiteko eta irtenbideak bilatzeko. Bermeoko Udalaren ateak beti zabalik egon dira elkarlanerako».
Udalak «kalitatezko» herri irrati baten aldeko apustua egiten duela gogorarazi gura izan dute, «profesionaltasuna bermatuko duen herri irrati baten aldeko apustua». Diru laguntza, gainera, horregaz helburuagaz ematen dutela jakinarazi dute.