Perun arrakasta lortu zuen Garroren historia jaso dute 'Ondarroa 2016'-n
OHZko kideek azaldu dutenez, irakurleak «klasiko» bihurtu diren hainbat atal aurkituko ditu urtekarian. Argitalpenak aurten inoizkorik argazki gehien jaso dituOndarroa 2016 urtekariaren aurkezpena egin zuten atzo Ondarroako Historia Zaleak elkarteko ...
OHZko kideek azaldu dutenez, irakurleak «klasiko» bihurtu diren hainbat atal aurkituko ditu urtekarian. Argitalpenak aurten inoizkorik argazki gehien jaso ditu
Ondarroa 2016 urtekariaren aurkezpena egin zuten atzo Ondarroako Historia Zaleak elkarteko kideek. Urtero legez, OHZkoek hainbat gai eta argazki jaso dituzte urtekarian. Urtero falta ezin diren gaiez gain, beste hainbat erreportaje berezi ere jaso dituzte.Erreportaje bere horien artean, esate baterako, Limako (Peru) alkate izandako Domingo Garro ondarrutarraren historia jaso dute. Garro XVI. mendean Ondarroatik Peruko erregeorderriko lurretara kontu kudeatzaile legez joan zen. Horrez gain, errege eta erregeordeen kontulari izan zen, eta garaiko negozio gizon garrantzitsuena ere bilakatu zen.
Argitalpenean, gainera, portuan arraina deskargatzeko sistemak zelan aldatu diren jaso dute, eta Frankismo garaian Ondarroako kaleetan ipinitako lehenengoko ikurrinen historia ere bai, argazki eta guzti. Era berean, herriko arraun taldeari buruzko artikulua ere agertzen da azken urtekarian.
OHZkoek gaineratu dutenez, irakurleak urtekarian «klasiko» bihurtu diren beste hainbat atal aurkituko ditu. Besteak beste: Erdi Aroko kronikak, orain 100 urte jaiotako jendearen zerrenda eta itsasoko berben hiztegia. Betiko legez, gainera, herriko baserrietako historia ere agertzen da. Aurten, Alleri Barri eta Santa Ana baserrikoekin kontu kontari aritu dira.
Bestalde, argazki zaharren otzara aurten gainezka egon dela ere adierazi dute. «Argazki asko ailegatu zaizkigu eskura, eta aurten, horregatik, urtekarian inoiz baino argazki gehiago aurkituko dituzue».
Izenean ere berritasuna
Aurten, berritasun modura, urtekariaren izenak moldaketa ere zergatik izan duen azaldu dute OHZko kideek. «Beste urteetan urtekariaren izena H hizkiagaz egon da idatzita, eta jendeak H barik nahi duela kontuan hartuta, horregatik kendu diogu aurreko H hizkia».
Kaleratu berri den argitalpena «bihotz guztiagaz» egin dutela ere nabarmendu dute. «Behar asko egin ondorengo emaitza bat da, eta borondatez egindakoa». Era berean, urtekaria osatzerako orduan izan duten hainbat herritarren laguntza ere eskertu dute, «beti dagoelako norbait artikuluak idazteko, argaz- kiak batzeko edota lagatzeko prest».
OHZkoek aldarrikatu dutenez, gainera, «denon artean egin behar da historia», eta hori dela eta, herritarren laguntza eskatu dute. «Etxean baldin baduzue argazki zaharrik, edota herriari buruzko zer edo zer idatzi nahi baldin baduzue, esku zabalik hartuko dugu zuon ekarpena, eta poz-pozik argitaratuko dugu. Azken finean denon artean herriko historia batu, eta hori etorkizunera begira bilduta lagatzea garrantzitsua iruditzen zaigu, eta denon artean osatutako zerbait aberasgarriagoa da».
Atzoko aurkezpenean, gainera, ezin izan zuten oraintsu hil den Beatriz Zubikarai herritarra aipatu barik utzi. «Azken finean OHZko kideok hau hasi ginen egiten 2001ean, baina aurretik Augustin Zubikaraik hasi zuen hau bide hau, eta guk jarraitu egin dugu. Kolaborazioren bat eskatu izan diogunean, Beatriz beti egon da prest, eta gogoan eduki nahi genuke».
Alamedan aurkezpena egiteagaz batera, argitalpena saltzen ipini zuten, eta OHZkoek azaldu zutenez, herriko prentsa salmenta puntuetan eta liburu denetan ere erosi ahal izango da. Sei euroren truke, honako tokietan erosi ahal izango da argitalpen berria: Irkaitz, Idiakez, Zurrumurru, Garoa, turismo bulegoa eta Kurike.