Gernikak eta Lumok bat egin zuten egunaren urteurrena gogoan izateko,
mugetatik ibilbidea prestatu du aurten ere Gernikazarra Historia Taldeak.
Urtarrilaren 8an, domekan, egingo dute ibilaldia. 08:45ean batuko dira horretarako, udaletxe aurreko Foru plazan. Ibilbideari
09:00etan emango diote hasiera, udaletxeko ordulariak
kanpaiak jotzeagaz batera.
Ibilbidea
hiru ordu ingurukoa izango dela jakinarazi dute antolatzaileek, eta mendiko oinetakoak eramateko gomendioa egin dute. Gernika-Lumoko mugetatik ibilbidea antolatzeko udalaren laguntza izan du Gernikazarra Historia Taldeak.
Azalpenak bidean
Hamar urte baino gehiago daramatza Gernikazarrak mugetatik ibilaldia antolatzen, eta, ibilbidean zehar,
azalpenak ematen dituzte. Horrez gain, antzina Lumoko udaletxea zenaren
leku enblematikoak bisitatuko dituzte ibilaldian parte hartzen dutenek.
Gainera, Lumoko eta Gernikako mugak zehazten dituzten mojoiak non dauden ere ikusi ahalko dute, eta antzina Lumoko ospitalea zena ere bisitatuko dute.
Batasunaren zergatiak
Gernika eta Lumo 1882. urteko urtarrilaren 8an batu ziren. Erdi Aroan Gernika Lumok zituen auzoetako bat zen. Baina 1366. urtean On Tello kondeak Gernika hiri bihurtu zuen, dekretuz. Lumorengandik bereiztu, eta Gernikari lursail handiak, eskubideak eta pribilegioak eman zizkion. Hori izan zen bi herrien arteko liskarren abiapuntua. Izan ere, Lumok ez zuen onartu On Tello kondearen erabakia. Lurrak eta eskubideak berreskuratzeko nahiak liskarrak sortu zituen Lumoren eta Gernikaren artean.
XIX. mendeak, baina, industriak indarra hartu zuen, eta mokoka ibiltzeak ez zion onik egiten bi herrien ekonomiari. Gernikak industria garatzeko legedi egokia zuen, eta Lumok lurrak. Hala, dekretu berri batek bien arteko batasuna agindu zuen.