Etxera Trail proba egingo dute hilaren 29an
Aldez aurretik izena emateko aukera dago 'www.herrikrosa.eus' atarian. 15 km-ko lasterketa zein martxa luzea eta 6,5 km-ko martxa laburra egiteko aukera egongo daDispertsioaren kontrako Etxera Trail proba burutuko dute hilaren 29an, Gernika-Lumon. Zeha...
Aldez aurretik izena emateko aukera dago ‘www.herrikrosa.eus’ atarian. 15 km-ko lasterketa zein martxa luzea eta 6,5 km-ko martxa laburra egiteko aukera egongo da
Dispertsioaren kontrako Etxera Trail proba burutuko dute hilaren 29an, Gernika-Lumon. Zehatz esateko, mendi martxa luzea zein laburra eta lasterketa egiteko aukera egongo da.Parte hartzeko asmoa daukatenek dagoeneko izena eman dezakete www.herrikrosa.eus atarian. Proba eguna baino hiruzpalau egun lehenago itxiko dute aldez aurretik izena emateko epea.
Aldez aurretik izena ematen duten federatuek 6 euro ordaindu behar dituzte, eta federatu barik daudenentzat, ostera, 8 euroko prezioa ipini dute. Halaber, 10 urtetik beherakoentzat doakoa izango da.
Egunean bertan ere izena emateko aukera egongo da 08:30etik aurrera, eta orduan 10 euro ordaindu beharko dituzte federatuek zein federatu gabeek.
Martxa luzeko zein lasterketako partaideek 15 kilometroko ibilbidea 679 metroko desnibel positiboagaz burutuko dute. Mendi martxa luzeko partaideak 09:30ean irtengo dira Pasealekutik, eta korrikalariek, berriz, 10:30ean dute irteera ordua.
Beste alde batetik, 10:00etan irtengo dira mendi martxa laburra egitera doazen herritarrak, eta horientzako 6,5 kilometroko ibilbidea 361 metroko desnibel positiboagaz prestatu dute.
Lehenengoz egingo dute proba, eta kirol proba hutsa izatea baino, aldarrikapenagaz bat eginez, herrian giroa sortzeko asmoa dute.
150 pertsona inguru batzea espero dute antolatzaileek: «Dagoeneko izena eman dutenen artean, eskualdetik kanpokoak dira gehienak, eta, beraz, bertoko herritarrei parte hartzera animatzeko deia luzatzen diegu. Kirola eginez, euskal presoek jasaten duten sakabanaketa salatzea da helburu nagusia, eta elkarregaz egun polita pasatu gura dugu».
Irabazleentzat sariak egongo dira, eta parte hartzaileen artean zozketa bat ere egingo dutela jakitera eman dute. Gainera, parte hartzaileei tabernetan pintxoak jateko txartelak banatuko dizkiete. Beste alde batetik, probak amaitzen direnean, kiroldegian dutxatzeko aukera edukiko dute martxen zein lasterketen partaideek.