Udalak arlo sozialean eta erronka berrietan jarriko ditu indarrak 2017an
4,7 miloi euroko aurrekontua onartu du Markina-Xemeingo Udalak, aho batez. Gizarte zerbitzuetara 346 mila euro bideratuko dituzte. Auzo batzarrak egiten jarraituko duteGuztira, 4.713.652,41 euroko aurrekontua onartu du Markina-Xemeingo Udalak 2017rako,...
4,7 miloi euroko aurrekontua onartu du Markina-Xemeingo Udalak, aho batez. Gizarte zerbitzuetara 346 mila euro bideratuko dituzte. Auzo batzarrak egiten jarraituko dute
Guztira, 4.713.652,41 euroko aurrekontua onartu du Markina-Xemeingo Udalak 2017rako, iaz baino 280.350 euro gehiagokoa. Abenduaren 29an egin zuten urteko azken osoko bilkuran aurkeztu eta onartu zuten aurrekontua, aho batez, udalbatza osatzen duten EH Bildu eta EAJren aldeko botoekin. Azken urteetako irizpideari jarraituz, aurten ere ez dutela tasarik igoko nabarmendu du udalak.Arlo sozialetan eta erronka berrietan jarriko dituztela indarrak jakitera eman dute. Horrela, 2017an ere, mantendu egingo dituzte arlo sozialari lotutako partidak. Hala, Gizarte Zerbitzuetara 346.000 euro bideratuko dituzte, Berdintasunaren alorre- rako 50.000 euro edukiko dituzte, eta Euskarak 77.000 euroko partida edukiko du.
Bestalde, aurrekontuetan barneratu dituzten proiektu berrien artean daude, besteak beste, herriko etxebizitzen inguruko ikerketa egitea (8.000 euro), musika eskola (60.000 euro), energia berriztagarriak (83.000 euro) eta ondare historikoa babestu eta kudeatzea (10.200 euro).
Horiez gain, jarduera ekonomikoetarako 132.351 euroko partida onartu dute; Landa Garapenerako, Azaro Fundaziorako, Garapen Agentzirako eta merkataritza eta turismorako erabiliko dutena.
Diru gutxiago
2017rako uste zutena baino diru gutxiago izango dutela ere azaldu du udalak. Izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiak espero baino diru gutxiago bildu du 2016an, eta azken urte horretan eman dieten gehiagoko kopurua orekatzeko, gutxiago emango diete udalei 2017an. «Oraingoz, zeren hori ez dago jakiterik datorren otsailera arte, 237.000 euro inguru da Markina-Xemeingo Udalak jasoko ez duena», zehaztu dute.
Egoera horren aurrean, eta udalek aurrekontua osatzeko duten diru sarrera handiena aldundiak ematen dietena izanik, toki erakundeak finantzatzeko modua aldatzea «bidezkoagoa eta egokiagoa ez ote litzatekeen» adierazi du Markina-Xemeingo Udalak. «Hau da, jasotako dirua behin betikoa izatea eta diru sarreren aurrekontua ez egotea foru diru bilketaren gorabeheren menpe».
Urtero modura, Markina-Xemeingo udal ordezkariak inguruko baserri auzoetara joango dira aurrekontuak aurkeztu eta auzoetako premia eta hobekuntzen jarraipena egitera. «Auzoetako bizilagunek eta udalak berak ere, balorazio positiboa egiten dugu bilera horien inguruan, eta, beraz, udalak, bilerekin jarraituko du».
Horretaz gainera, aurrekontuen gaineko informazioa eskuragarri jarriko dute bai eta ere Markina-Xemeingo Udalaren web orrian: www.markina-xemein.eus.