HAPO berria egiteko aukerak ikusgai jarriko ditu udalak Barandiaran aretoan
Abenduaren 22tik urtarrilaren 31ra arte edukiko dute lekeitiarrek proposamenak ezagutu eta ekarpenak egiteko aukera. Teknikari baten eskutik zalantzak argitzeko aukera ere eskainiko duteLekeitioko Udalak Herri Antolamendurako Plan Orokorra berriari bur...
Abenduaren 22tik urtarrilaren 31ra arte edukiko dute lekeitiarrek proposamenak ezagutu eta ekarpenak egiteko aukera. Teknikari baten eskutik zalantzak argitzeko aukera ere eskainiko dute
Lekeitioko Udalak Herri Antolamendurako Plan Orokorra berriari buruzko erakusketa martxan jarriko du, herritarren iritziak eta ekarpenak jasotzeko. Barandiaran aretoan egongo da ikusgai, abenduaren 22tik urtarrilaren 31ra arte.Herri Antolamendurako Plan Orokorra ( HAPO) datozen urteetan Lekeitioko udalerriaren lurzorua hirigintza ikuspegitik eta osotasunean antolatuko duen dokumentu edo plangintza da. Udalak jakitera eman duenez, gaur egun indarrean dagoen plan orokorra 1996ko martxoan onartu zuten, behin betikoz. «Ordutik hona, hogei aldaketa puntual baino gehiago jasan ditu dokumentuak, azkena, 2007an behin betikoz onartutakoa».
2007an planak berrikuspena behar zuela erabaki zuen udalak, eta ordutik gorabehera asko izan ditu. «Urte hauetan egoera asko aldatu da: krisi ekonomikoa, jarduera ekonomikoen moteltzea, eraikuntza sektorearen gainbehera, etxebizitzen salmenten beherakada nabarmena…
Bestalde, araudiari dagokionean, 2006. urtean Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko 2/2006 Legea, ekainaren 30ekoa, onartu zen, Gernika-Markinako Lurralde Plan Partziala, plan sektorial batzuk… Ondorioz, gure plan orokorrak egokitzapen batzuk egin behar ditu, eta araudi hauetako zehaztapenak bereganatu».
Prospektiker enpresak 2009an eta Elhuyar enpresak 2013an parte hartze prozesuak antolatu zituzten, eta horietan jasotako datuak eguneratu ostean, 2016.urtean lantalde batzuk osatu ziren. «Horietan, aurreko prozesuetan oinarrituz, herriaren antolamendurako giltzarriak aztertu ziren ikuspuntu ezberdinetatik».
Erakusketa
Aurretik jasotako informazio horretan guztian oinarrituta, orain oinarrizko aurrerakin dokumentu bat aurkeztuko diete lekeitiarrei, aukera ezberdinekin, euren iritziak eta ekarpenak eman ahal izateko. Dokumentua eta aukerak erakusketa formatuan egongo dira ikusgai. Gainera, zalantzak argitzeko solasaldiak ere antolatuko dituztela jakitera eman dute. Horrela, abenduaren 22an eta 29an eta urtarrilaren 4an, 18an eta 30ean, teknikari baten azalpenak entzuteko aukera egongo da, Barandiaran aretoan bertan, 18:00etatik 20:00etara bitartean.
«Udalaren aldetik, argi daukagu, natura ingurunea eta eraikitako ondarearen babesa izan behar direla Lekeitioko ardatz egituratzaileak. Gainera, indarrean dauden arau subsidiarioak aurreikusten zituzten hiri-hazkundeak gaur egungo errealitatearekin bat ez datozela deritzogu», adierazi du udalak.
Hori dela eta, gizartearen beharrizanak asetzera bideratuko liratekeen hiri-garapenak lehenetsiko direla esan dute, eta beste edozein garapen, herri barruko tramaren egokitzapen lanetan justifikatuta egon beharko litzateke. «Ezin dugu ahaztu herriko ekonomi jarduerentzako gune aproposa zehaztu behar dugula; jarduerarentzat eta herritarrentzat egokiena litzatekena».
HAPOren inguruan oraindik erabaki asko daudela hartzeko dio udalak, eta, beraz, herritarrak ekarpenak egin eta iritziak ematera animatu nahi dituzte. Horretarako, postontzia edukiko dute herritarrek Barandiaran aretoko erakusketan. Horrez gain, taula bereziak ere edukiko dituzte, ekarpenen post-it-ak itsatsi ahal izateko. Ekarpenak hapo@lekeitio.eus helbide elektronikora ere bidali daitezke, edo bulego orokorretan aurkeztu.