16. Argazki Lehiaketako argazkilari onenak saritu ditu Ekozain taldeak
Nagusi mailako hiru sari eta gazteen mailako beste hiru banatu ditu ekologia taldeak. 370 argazkiren artean erabaki behar izan du epaimahaiak. Argazkiak ikusgai daude Uhagonen eta tabernetan16. Argazki Lehiaketako sariak banatu zituen zapatu goizean, U...
Nagusi mailako hiru sari eta gazteen mailako beste hiru banatu ditu ekologia taldeak. 370 argazkiren artean erabaki behar izan du epaimahaiak. Argazkiak ikusgai daude Uhagonen eta tabernetan
16. Argazki Lehiaketako sariak banatu zituen zapatu goizean, Uhagon kulturgunean, Markina-Xemeingo Ekozain ekologia taldeak. 60 pertsona baino gehiagok eman dute izena lehiaketan parte hartzeko, bain, azkenean, gutxiago izan dira argazkiak aurkeztu dituztenak.Nagusien mailako hiru sari eta gazteen mailako beste hiru banatu zituen ekologia taldeak. Aitor Odiaga zinegotziak, udalaren ordezkari modura, eman zizkien sariak sei irabazleei. Paula Anta, Amets Burgoa eta Mikel Torrealdea izan ziren gazte mailako irabazleak. Argazki kamara bat eta surf ikastaroak izan zituzten opari. Nagusien mailan, berriz, Lidia Urizarbarrena, Ziortza Egia eta Jesus Mari Osa saritu zituen epaimahaiak. Hirurak, produktu ekologikoez betetako otzara eraman zuten etxera.
Argazki kamaragaz gain, aurten estreinako, mugikorragaz atera ahal izan dira lehiaketarako argazkiak. Guztira, 370 argazkiren artean erabaki behar izan du epaimahaiak, eta aukeraketa hori egiten laguntzeko adituen laguntza eta aholkua ere eduki dute. «Aukeraketa pantailaren bidez egin dugu aurten. Lehen aukeraketa egiten argazkigintzan aditua den Iñigo Bernedok lagundu digu», azaldu du Lorea Etxaburu Ekozain taldeko kideak.
Gazteen ikuspegia
Ondoren, beste aukeraketa bat egin zuten Karmelo Undurraga eta Mari Karmen Moreno argazkilariekin lagunduta, eta horrez gain, lehiaketan gazte askok parte hartu dutela ikusita, euren ikuspuntua ere jaso nahi izan zuten. Horrela, Bera Kruz eta Bekobenta ikastetxeetako LH 6. mailako ikasleek ere, euren iritzia eman zuten, argazki batzuk banatuz.
Gazte mailan, aurten, argazki on asko egon direla ere azaldu zuten Ekozaingoek. «Batzuk oso bitxiak». Argazki horiek guztiak ikusi ahalko dira orain, Uhagoneko tabernan jarri duten erakusketan eta pantaila handian. Horrez gain, Markina-Xemeingo taberna batzuetan ere argazkien irudiak emango dituztela zehaztu dute.