Gernika-Lumon ere apirilaren 2an egingo dute galdeketa
Data zehaztu dute Busturialdeko bi herri handienek galdeketa egiteko. Erabakitzeko eskubidearen alde, sinadurak biltzen hasiko dira Lea-Artibai, Mutriku eta BusturialdeanGernika-Lumoko Gure Esku Dago-k ere herri galdeketa egitea erabaki du, eta, Bermeo...
Data zehaztu dute Busturialdeko bi herri handienek galdeketa egiteko. Erabakitzeko eskubidearen alde, sinadurak biltzen hasiko dira Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdean
Gernika-Lumoko Gure Esku Dago-k ere herri galdeketa egitea erabaki du, eta, Bermeok legez, apirilaren 2an egingo dutela jakinarazi du. Hala, herritarrei informazioa emateko hitzaldi-aurkezpena egingo dute domekan. Elai-Alai aretoan jarri dute hitzordua, 12:00etan.Hitzaldiaren ostean argazki erraldoi bat atera gura dute bertara hurbiltzen diren herritarrekin, eta prozesuan lagundu gura dutenek ere nork bere ekarpena egiteko aukera izango du.
Era berean, erabakitzeko eskubidearen aldeko sinadurak batuko dituztela jakinarazi du Gernika-Lumoko Gure Esku Dago-k. Eta, Gernikan bezala, Lea-Artibai eta Mutrikun ere sinadura bilketa egingo dute, gaur hasi eta datozen hilabeteetan. Hain zuzen ere, Aulestin, Berriatuan, Etxebarrian, Lekeition, Markina-Xemeinen, Mendexan, Ondarroan, Amoroton, Ziortza-Bolibarren eta Mutrikun egingo dute bilketa. Mutrikun hasita daude bilketagaz, eta honez gero 16 urtetik gorako 370 herritarren sinadurak batu dituzte.
Maiatzera begira
Bederatzi dira Lea-Artibain galdeketa egingo duten herriak, eta Mutrikun ere egingo dute. Horietan denetan maiatzaren 7an egingo dute bozketa. Gernika-Lumon legez, Berriatuan ere domekan egingo dute aurkezpena, 13:00etan, plazan. Ostean, sinadura bilketagaz hasiko dira herri horretan ere.
Markina-xemeindarrek batzarra egingo dute gaur, 19:00etan, Uhagonen. Zehaztu dutenez, 2017ko maiatzera bitartean egin beharrekoak eztabaidatzen hasiko dira. Beraz, gaurko deialdia «oso garrantzitsua» da. Ostean hasiko dira sinadurak batzen.
Busturialdeari dagokionez, Bermeok eta Gernika-Lumok ez ezik, Nabarnizek, Eak, Busturiak eta Kanalak (Gautegiz Arteaga) ere herri galdeketa egingo dutela jakinarazi zuten joan den azaroaren 5ean Busturiko Madariaga dorretxean egin zuten agerraldian.