Elkartasuna nagusituko da asteburuan, eskualdean
Asteburu solidarioa dator Busturialdera; hain zuzen, Bermeo, Busturia eta Gernika-Lumora. Rett sindromearen ikerketarako III. Kontzertu solidarioa egingo dute Bermeon, eta jaialdi solidarioa, aldiz Gernika-Lumon. Busturian, aldiz, memoria historikoa la...
Laia herri mugimenduak antolatuta batuko dira gaur 21:00etan, Busturian. Pintxopotea egingo dute lehenengo. Ostean, 23:00etan hasita, kontzertuak egongo dira Otsozulo Gaztetxean. Tximino, Fita eta Gaton taldeek emango dute kontzertua. Ostean, DJ John Deere arduratuko da bertaratutakoei musika jartzeaz.
Herritarrei gonbitea
Jaialdiaren antolatzaileek gobidapen zabala egin diete herritarrei elkartasuna adierazteko, eta eskerrak eman dizkie doan joko duten musika taldeei eta laguntza eman dien Busturiko Gazte Asanbladari.
Bihar, aldiz, Busturitik Bermeora ailegatuko da elkartasuna. 19:00etan hasita, doinu bereziz girotuko dute Santa Eufemia eliza. Bertaratzea doakoa izango da, eta, gainera, opariak zozkatuko dituzte bertan bildutakoen artean.
Enkante solidarioa
Asteburuko azken egunean, ostera, Gernika-Lumon jarri dute hitzordua. Hain zuzen, Astran batuko dira 17:00etan. Lehenengo ordua musikagaz alaituta igaroko dute, eta hori bukatutakoan, Rett sindromear buruzko berbaldia emango dute. Hitzaldiak irauten duen bitartean, gainera, Panpin zirko eskolaren eskutik, zirku tailerra egongo dela jakitera eman dute antolatzaileek.
18:30ean, berriz, enkante solidarioa egingo dute, musika, arte eta kirol arloko hainbat pertsonak (Fito, Gatibu, Julen Urdaibai, Txomin Arana, Dientes de Luna, Kerman Lejarraga eta Andoni Gago) emandako gauzak enkantean aterata.
Gernika-Lumora edota Bermeora bertaratzerik ez dutenentzat eta Rett sindromearen ikerkuntzarako diru ekarpena egin nahi duten horientzat kontu korronte bat jarri dute eskura: ES09 2100 6163 83 01 0018 1944 (La Caixa).