Bermeoko Udalak bi proiektu abiarazi ditu enplegu planaren baitan
Bermeoko ostalaritza eta merkataritza suspertzeko eta Alde Zaharreko lokal hutsen azterketa egiteko proiektuak martxan daude, eta hiru pertsona kontratatu dituztela azaldu duteLanbideren enplegu planaren baitan, Bermeoko Udalak bi proiektu martxan jarr...
Bermeoko ostalaritza eta merkataritza suspertzeko eta Alde Zaharreko lokal hutsen azterketa egiteko proiektuak martxan daude, eta hiru pertsona kontratatu dituztela azaldu dute
Lanbideren enplegu planaren baitan, Bermeoko Udalak bi proiektu martxan jarri ditu. Batetik, Bermeoko ostalaritza eta merkataritza suspertzeko proi- ektua, eta, bestetik, Bermeoko Alde Zaharreko lokal hutsen azterketa. Bi proiektu horiek martxan jartzeko hiru pertsona kontratatu dituztela jakitera eman dute.Behargintzako zuzendari Nerea Hormaetxeak eguazteneko aurkezpenean azaldu zuenez, «Lanbidek, enplegu planaren bidez, laguntzak bideratu ditu eskualde mailan zein Bermeon, enplegua sustatu dezaketen proiektuak martxan jartzeko».
Bermeoko turismo teknikari Bego Gangoitik eman zituen ostalaritza eta merkataritza suspertzeko proiektuari buruzko azalpenak. Helburua bezeroaren ikuspuntua kontuan hartuta, ostalaritza eta merkataritza sektorea dinamizatzea dela esan zuen. Horretarako, establezimenduek izan ahal dituzten hobekuntzak identifikatuko dituzte, ostalari eta merkatariei hobekuntza ekintzen plan bat egiten laguntzeko. Hobekuntza horiek garatzeko, ostalariei eta merkatariei laguntza eman gura dietela esan zuen.
Aipatu proiektua hilabete honetan abiarazi dute, eta 25 establezimendu inguruk parte hartuko dute proiektu pilotuan. Horretarako, udalak bi pertsona kontratatu ditu.
Lokalen jabeekin batuta
Bestalde, Alde Zaharreko lokal hutsen azterketa egiteko pertsona bat kontratatu dute. Azterketa hori egiteko, Alde Zaharreko lokal hutsen jabeekin harremanetan jarri gurako lukete, «lokalen arazoak ezagutzeko, eta indarrean dagoen hirigintza araudian zer nolako moldaketak egin beharko liratekeen ezagutzeko, lokal horietan jarduera ekonomikoak edo bestelako zerbitzuak garatu ahal izateko helburuagaz», esan zuen Berualako zuzendari Santi Muruak. Behin lokalen egoera ezagututa, horiek merkaturatzeko beharko litzatekeen baldintzak ere aztertuko dituzte.
Era berean, hutsik ez dauden lokalen jabe, dendari eta erabiltzaileekin ere harremanetan jarri gurako lukete, «Alde Zaharrean mantentzearen arrazoiak ezagutzeko, eta bertan mantentzeko beharrizanak zeintzuk diren ezagutzeko».
Martxan jarri diren proiektuak herriarentzat «oso garrantzitsuak» direla nabarmendu zuen Turismo, Merkataritza eta Hirigintza zinegotzi Irune Ormaetxeak: «Batek herriko ostalaritza eta merkataritza indartzearen aldeko apustua egiten duelako, eta besteak udala Alde Zaharra biziberritzeko lanean ari delako buru-belarri, eta azterketa hori egitea ezinbestekoa da».
Kontratatu dituzten hiru pertsonak, gehienez, sei hilabeterako lanaldi osoan ariko dira. Kontratatu diren profilen artean, enpresagintza, turismoa eta arkitektura teknikoko ikasketak dituzten pertsonak daudela zehaztu dute.