Asinsocek kiroletako bikaintasun sariak emango ditu
Gaur 20:45ean jarri dute hitzordua, Gernika-Lumoko Sasoie tabernan. Afaria jaten duten bitartean banatuko ditu sariak elbarriak gizarteratzeko elkarteakOlinpiar joko eta Olinpiar Jolas Bereziak ospatu diren urtea dela aprobetxatuta, Asinsoc elbarriak g...
Gaur 20:45ean jarri dute hitzordua, Gernika-Lumoko Sasoie tabernan. Afaria jaten duten bitartean banatuko ditu sariak elbarriak gizarteratzeko elkarteak
Olinpiar joko eta Olinpiar Jolas Bereziak ospatu diren urtea dela aprobetxatuta, Asinsoc elbarriak gizarteratzeko elkarteak bidezkotzat jo du elkarte eta klubek kirol minoritarioa zein Olinpiada Bereziei dagokien kirola bultzatzeko egiten duten lana saritzea. Izan ere, Busturialdeko elkartearen ustez, «elkarte eta klub horiek egiten dute kirol minoritarioa handi».Hala, lehenengo aldiz, Kiroletako Gainditze eta Bikaintasun sariak emango dizkiete «isiltasunean lan egiten duten horiei». Guztira, hamar sari banatuko dituzte. Gernika-Lumoko Sasoie tabernan batuko dira gaur horretarako, eta afaria jaten duten bitartean emango dituzte aipatu sariak. 22:00etatik gauerdira bitartean, gainera, mariatxien musikagaz gozatzeko aukera izango dute bertan bildutakoek. Ia 50 bat lagunek eman dute izena afarirako, eta 20:45ean jarri dute elkartzeko ordua.
Alde batetik, Gernika-Lumoko Kosnoaga Igeriketa Elkarteak jasoko du Gainditzeko Ahaleginari eta Bikaintasunari Kirol saria, «elkartearen egituraren barruan ezinduentzako igeriketa eskuragarriaren alde egiten duten lanagatik».
Gernika Saski Baloi Kirol Elkarteko zuzendaritza batzordeko kideek ere jasoko dute Asinsocen saria, «emakumeen kirola elitean mantentzeko egiten duten ahaleginagatik».
Bestalde, Bidaideak Bilbao Bsr Gurpileko Saski Baloi Elkarteak Olinpiada Bereziei dagokien kiroleko elite mailan mantentzearren egindako ahalegina sarituko dute.
Aulki gurpilduneko saskibaloian Bidaideak Bilbao Bsr taldeagaz lehiatzen duten Asier Garcia Pereiro, David Mouriz Dopico eta Amadou Tijane Diallo jokalariek ere jasoko dute Asinsocen eskutik saria; horren bitartez, Rioko Olinpiar Jolas Berezietan eskuratutako zilarrezko domina ekarriko dute gogora.
1995. urtez geroztik, Bizkai, Araba eta Gipuzkoan Olinpiada Bereziei dagokien kirola sustatzen aritu izan da Saiatu Fundazioa, eta mundu mailan erreferentea dela deritzo Asinsocek. Hori dela eta, elkarte horri ere Kiroletako Gainditze eta Bikaintasun saria emango diote.
Beste sarietako bat Carmelo Intxausti Ormaetxeari emango diote, eta, horren bitartez, Gernika-Lumoko kirol arloko babesleen artean eredugarri izateagatik eskertuko dute. Norbanakoen artean, Luis Maria Aranburu eta Txema Alonso ere sarituko dituzte, «kirol egokituan erreferenteak izan direlako»; lehena Bizkaia mailan eta bigarrena Bizkai, Araba eta Gipuzkoa mailan eta mundu mailan. Ibilbide luze eta oparoa du Alonsok. Gaur egun, Saiatu Fundazioko presidentea da; Garun-paralitikoen Espainiako federazioko presidentea da; Euskal Federakuntzen egituren sortzailea da, eta Kirol Egokituaren Euskal Federazioko kidea ere bada.
Bestalde, kirol egokituan, tiro olinpikoko erreferente den Marcinao Vazquez Caamaño sarituko dute. Azkenik, kirol egokituan Maria Amparo Herrero Alvarezek egindako beharra eta ahaleginari ere aitorpena egingo diote. 1988-1990 artean Bilboko Ezinduen Kirol Elkarteko ordezkaria izandakoa da Herrero, eta baita Etsaiak elkarteko ordezkaria ere. Halaber, mahai tenisean aritutakoa da, eta Espainiako Txapelketak lehiatu izan ditu.