Kalera Kaleraren sugarra hauspotuko dute hainbat herritan
Presoen auzia jendarteratu eta gatazkaren ondorioen inguruko eztabaida mahai gainean jartzea helburu, hainbat ekitaldi egingo dira urtarrilaren 8ra bitarteanJoan den zapatuan Usurbilen hasi zuten itxialdi nazionalari lotuta, Lea-Artibaiko preso eta ihe...
Presoen auzia jendarteratu eta gatazkaren ondorioen inguruko eztabaida mahai gainean jartzea helburu, hainbat ekitaldi egingo dira urtarrilaren 8ra bitartean
Joan den zapatuan Usurbilen hasi zuten itxialdi nazionalari lotuta, Lea-Artibaiko preso eta iheslari ohiek ere, Kalera kalera oihukatu nahi dute eskualdeko txokoetan. Presoen auzia jendarteratzea eta gatazkaren ondorioen inguruko eztabaida mahai gainean jartzea helburu, Kalera Kalera mobilizazio zikloa abiatu zuten Usurbilen zapatuan, eta ekimena Euskal Herri osora zabalduko da, bai eta Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdera ere.Lea-Artibaiko hainbat preso ohi elkartu ziren Lekeitioko udaletxearen aurreko eskaileratan, Kalera Kalera ekimenaren baitan, eskualdean egingo diren ekimenen berri emateko.«Kandelen sugarra eta hainbat euskal belaunaldi lotzen gaituen kanta, amnistiaren aldeko borrokaren ereserki bihurtu den kalera, kalera, borrokalari kalera! izango ditugu lagun aldarrikapen dinamika honetan», azaldu zuten. Sugarra izango dute, beraz, ekinbidearen ikur eta askatasunaren sinbolo. «Amnistiaren nazioarteko ikur den kandelaren sugarra, hain zuzen ere».
Espainian, Frantzian bai eta nazioartean ere ikustarazi nahi dute Lea-Artibaiko txoko ezberdinetan hauspotu nahi duten askatasunaren sugar hori. «Presoak askatzea eta iheslariak itzultzea beharrezkoa delako, eta herri honek amesten duen bake eszenatokira heltzeko eurak ere gugaz batera bakearen eta askatasunaren alde borrokatzen jarraitzea beharrezkoa delako».
Elkarlana
Iheslari eta presorik gabeko herria irudikatzeko garaia heldu dela azpimarratu dute, eta bide horretan urratsak ematekoa. Hori dela eta, eragile eta erakunde guztiei bide horretan elkarlanean aritzeko deia luzatu diete. «Gure prestutasuna adieraziz, elkarlan horretarako». Horrez gain, larriki gaixo dauden 11 presoek bizi duten «muturreko» egoera salatu dute, batez ere Ibon Iparragirre Burgoa ondarrutarraren egoera bereziki larria, eta euren «berehalako etxeratzea» eskatu dute, «berandu baino lehen etxean behar ditugulako».
Hori guztia lortzeko denen konpromisoa beharrezkoa dela diote. «Guk, kartzela eta erbestea ezagutu dugunok, argi utzi nahi dugu gure konpromisoari eusten diogula, ez garela etxean geratuko; kalean, lantokian, erakundeetan… borrokatzen jarraituko dugula». Dei egiten diete, beraz, Lea-Artibaiko herritarrei, eta oro har, euskal jendarteari Kalera, kalera! Bake ta askatasuna irabaztera izeneko dinamikaren baitan antolatuko diren ekitaldi eta mobilizazioetan parte hartzera.
Bilbora joateko deialdia
Mutrikuarrek ere, bide beretik joko dute, eta bat egingo dute bai eta ere, Kalera Kalera ekimenagaz. Horrela, enkartelada, giza katea eta brindisa ere edukiko dituzte abenduan, eta urtarrilaren 14an Bilbon egingo den ekitaldira joateko deia egin dute.
Gernika-Lumon, ostera, LAB sindikatuak deituta, preso gaixoak askatzeko eskatuko dute ospitalearen aurrean.