Aldundia Gaztelugatxeko baselizaren inguruak konpontzen hasi da
Lanak egiteko behar diren materialak eta makinak helikopteroz ari dira eramaten. Lanak ez dira Gaztelugatxeko San Juanen egingo duten Jarduketa Plan Integralaren baitakoakBizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailak Gaz...
Lanak egiteko behar diren materialak eta makinak helikopteroz ari dira eramaten. Lanak ez dira Gaztelugatxeko San Juanen egingo duten Jarduketa Plan Integralaren baitakoak
Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailak Gaztelugatxeko San Juango baselizaren atzealdeko espaloia konpontzeko lanak egiten hasi da. Atzo goizean hasi zituzten lanak, eta horiek egiteko behar diren materialak eta makinak helikopteroz ari dira eramaten.Azaldu dutenez, baselizaren atzealdeko espaloiak 20-25 metro inguruko pitzadura dauka. Modu horretan, lehenik eta behin, zolata berria jarriko dutela azaldu dute, dagoenaren gainean. Ondoren, zolari eusteko, 110 milimetroko diametroa daukaten mikropiloteak jarriko dituzte bi lerrotan, batetik besterako metro bateko distantzia utzita; mikropilote batetik bestera, berriz, bi metroko distantzia egongo dela zehaztu dute. Horien gainean jarriko duten zoladura harrizkoa izango da, orain dagoenaren «ahalik eta antzekoena», diote. Era berean, perimetro osoan, altzairu herdoilezinezko baranda jarriko dute, gaur egun zuriz margotuta dagoen metalezkoa ordezkatuta.
Gaztelugatxeko San Juan biotopo babestua denez, itsaslabarrean behera hondakinik ez ur zikinik ez botatzeko neurriak ezarriko direla azaldu dute.
Lanak egiteko beharrezkoak dituzten materialak eta makinak baseliza ingurura zuzenean eroateko, helikoptero bat erabiltzen ari dira. Helikopteroa hiru egunetan erabiliko dutela jakinarazi dute: lehenengo egunean [atzo], seinaleak, babesgarri kolektiboak eta mikropiloteak jartzeko behar diren materialak eta makinak eramaten ibili ziren; bigarrenean, obra burutzeko behar diren bestelako makinak eta materialak eroango dituzte, eta mikropiloteak jartzeko erabilitako makinak eta soberako materialak garraiatuko dituzte; eta, hirugarrenean, makina guztiak eta erabili gabeko material guztiak kenduko dituzte.
Helikopteroa erabiliko den hiru egun horietan, baselizara joateko bidea itxita egongo da segurtasuna bermatzeko. Eskaileren hasieran debekuaren berri ematen duten kartelak jarriko dituzte.
Bi hilabete
Lan horiek guztiak egiteko Bizkaiko Foru Aldundiak 105.435 euroko inbertsioa egingo duela jakinarazi zuten atzo. Lanak, berriz, bi hilabetean amaitzea aurreikusi dute.
Bizkaiko Foru Aldundiko ingurumeneko zuzendari Unai Gangoiti bertaratu zen atzo goizean Gaztelugatxe ingurura. Han, lanen nondik norakoen berri eman zuen. Argi utzi gura izan zuen lanok ez direla Gaztelugatxeko San Juanen egingo duten Jarduketa Plan Integralaren baitakoak. «Aipatu plana aldundiak agintaldi honetarako duen plan estrategiko bat da. Gaztelugatxeko San Juanek bi gauza garrantzitsu ditu: Batetik, espazio natural babestua da, eta bestetik, enklabe turistikoa da. Berezitasun bi horiek bat eginda atera beharko da etorkizuneko Jarduketa Plan Integrala. Uste dugu irailerako posible izango dugula euskarri teknikoa eskuartean edukitzea. Horren bitartez jakin ahal izango dugu Gaztelugatxeko San Juanen egin ahal dena zelan egin daitekeen, zenbat denboran eta zenbat dirutan».