Visesak babestutako 24 etxebizitza egiteko konpromisoa hartu du
Mundakako Udalak eta Eusko Jaurlaritzaren sozietate publikoak kolaborazio hitzarmena sinatu dute Errekako antzinako harrobian etxebizitzak egitekoMundakako Udalak eta Visesak Babes Ofizialeko Etxebizitzak eraikitzeko kolaborazio hitzarmena sinatu dute....
Mundakako Udalak eta Eusko Jaurlaritzaren sozietate publikoak kolaborazio hitzarmena sinatu dute Errekako antzinako harrobian etxebizitzak egiteko
Mundakako Udalak eta Visesak Babes Ofizialeko Etxebizitzak eraikitzeko kolaborazio hitzarmena sinatu dute. Modu horretan, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren menpekoa den sozietate publikoak babespeko 24 etxebizitza sustatu eta gauzatuko ditu Erreka auzoan, antzinako harrobian, udalarena den lursail batean, hain zuzen ere.Mundakako Udalak, berriz, 198.765 euro jasoko ditu eskudirutan, eta udalak jakinarazi duenez, hiru zatitan jasoko dute dirua. Era berean, 300 metro koadroko lokala ere jasoko du udalak. Aipatu lokala udalak zehaztuko duen erabilerarako egokituta emateko konpromisoa hartu du Visesak hitzarmenaren bitartez.
Udalak azaldu modura, «herrian etxebizitza prezio eskuragarrian eskaintzea da kolaborazio hitzarmenaren helburua», eta, batez ere, Mundakako gazteei eta familia berriei zuzenduta egin dute.
Etxebizitza horiek eskuratzeko orduan, lehentasuna edukiko dute udalerrian 10 urtetik gora erroldatuta daramatzaten herritar horiek eta Babes Ofizialeko Etxebitzak salmentarako erregimenean eskuratzeko betekizunak betetzen dituztenek. Zerrenda hori agortuta, azaldu dutenez, antzinakotasunik gabeko erroldatuek izango dute lehentasuna.
2018ko apirila baino lehen
24 etxebizitzen erabilera erregimena jabetza osokoa izango dela zehaztu dute, eta horiek esleitzerako orduan, sustapen publikoko etxebizitzari buruzko araubide autonomikoan ezarritako baldintzak eta betekizunak aintzat hartuko dituztela jakinarazi dute.
Visesak hartutako konpromisoaren arabera, 2018ko apirilaren 30a baino lehen hasi beharko dituzte lanak, eta 2020ko uztailaren 31 baino lehen amaituta egon beharko dira.
Hitzarmenaren aurreikuspenak eta konpromisoak betetzen direla bermatzeko Jarraipen Batzordea eratuko dutela azaldu dute udal ordezkariek. Erakunde bakoitzeko bi ordezkarik osatuko lukete batzordea.
Hitzarmena sinatu aurretik, Mundakako Udalak herritarren aurrean aurkeztu zuen proiektua otsailean, eta herrian dagoen etxebizitza beharrizanari buruz ere galdetu zuen herri foro batean. Beharrizanak ezagututa, Visesagaz hitzarmena sinatzea erabaki dute.