Saharara bidaltzeko 3.860 euro batzea lortu du Bat ez da Gitxi plataformak
Bat Ez Da Gitxi plataformako kideek dagoeneko jakinarazi dute azaroaren 26an egindako jaialdian batutako dirua eta jendeak egindako ekarpenen bidez jasotakoa zenbatekoa den. Hain justu, guztira, 3.860 euro batzea lortu dutela jakitera eman dute.
Bosgarren jaialdia egin zuen Bat Ez Da Gitxik azaroaren 26an, Gernika-Lumoko Trinkete Antitxokoan, eta antolatzaileak pozik agertu ziren orduan jaialdiak izandako arrakastagaz. Besteak beste, El_Txef_A, Willy Kasper eta Txfk-ren musikagaz gozatu ahal izan zuten jaialdian bildutakoek.
Sahararrak laguntzeko dirua biltzeko helburuz antolatu dute aurten jaialdia; hori horrela, batutako 3.860 euroak herrialde horretako proiektu batera bideratuko dituztela ziurtatu dute. Bat Ez Da Gitxiko kide bat izan da Saharan, bertako proiektuak zuzenean ezagutzeko; hala ere, proiektu aukeraketa urtarrilean egingo dutela aurreratu dute.
Plataformako kideek azaldu dutenez, «edizioz edizio, laguntza kopurua hazten» doa, eta, hori dela eta, laguntza eman duten guztiak eskertu dituzte; hala nola, boluntario lanak egin dituztenak, Trinkete Antitxokoa, Astra, Besalde, jaialdian musika jarri zutenak, Gabriel Mendizabal argazkilaria, Ouali eta bere familia, Salamu Hamudi kazetaria, Gernikatik Mundura Gobernuz Kanpoko Erakundea eta beste hainbat.
Jaialdira joan ez zirenak, baina ekarpenak egin dituztenak ere ezin izan dituzte eskertu gabe utzi; ezta jaialdian bertan giro ona sortzen eta dantzan ibili zirenak ere.