Neguan inguruko hegaztiak elikatzeko programagaz hasi dira
Urdaibai Bird Centerrek bultzatuta, Urdaibain bizi diren hegaztiek neguan ere jatekoa eskura izatea du xede programak. Janlekuak ipiniko dituzte inguruan2016-2017ko neguan ere inguruko hegaztiak elikatzeko janlekuak ipiniko dituzte Urdaibain. Hartara, ...
Urdaibai Bird Centerrek bultzatuta, Urdaibain bizi diren hegaztiek neguan ere jatekoa eskura izatea du xede programak. Janlekuak ipiniko dituzte inguruan
2016-2017ko neguan ere inguruko hegaztiak elikatzeko janlekuak ipiniko dituzte Urdaibain. Hartara, Biosfera Erreserban bizi diren hegaztiek neguan ere zer jan izan dezaten bermatu gura dute proiektuaren bultzatzaileek. Era berean, txoriak ezagutzeko aukera ere eman nahi du proiektuak.Inguruko hegaztiak Urdaibai Bird Centerrek Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz eta Euskadiko Nekazaritza eta Elikagai Ekologikoaren Kontseiluaren (ENEEK) kolaborazioagaz bultzatutako eta koordinatutako proiektua da. Urdaibain bizi diren hegaztiek janari nahikoa izaten dute udaberri eta udan; beraz, ez dute beste elikagairik behar, intsektuak eta fruituak erraz aurkitzen dituztelako.
Negua heltzeagaz batera, baina, janariaren eskuragarritasuna murriztuz doa tenperaturaren jaitsieraren ondorioz, eta hegaztiok Urdaibai Bird Centerrek jarritako janlekuetara hurbiltzen dira, beharrezkoak dituzten karbohidrato eta gantz ekarpenen bila.
Beraz, neguan betetzen dute janlekuek funtziorik garrantzitsuena, espezie desberdinetako hegaztiak hurbiltzen baitira janlekuetara janariak erakarrita.
Horrela, espezie desberdinetako hegaztiak etxe inguruan ikusteko aukera aparta izaten dute Urdaibaiko bizilagunek.
Jatorri ekologikoa
Horrez gain, Urdaibai Bird Centerren eta ENEEKen artean sinatutako akordioari eutsiko diote aurten ere.
Horren arabera, Inguruko Hegaztiak proiektuan erabiliko den janari guztiak jatorri ekologikoa izango du, hala nola, ekilore haziek, artatxikiak zein kakahueteek, eta ahal den neurrian gure inguruan ekoitzitakoak izango dira, Ekilore eta artatxikia kasu, Arabako lautadetan ekoiztuak direnak eta ENEEK-k ziurtatuak daudenak.
Proiektua parte hartu nahi duen familia eta norbanako guztiei zabalik dagoela jakinarazi du Urdaibai Bird Centerrek. Proiektuari buruzko Blog-ean bertan, parte hartzaileek euren inguruko hegaztiei buruzko argazki, informazio eta bideoak erakutsi eta partekatu ahal izango dituzte: (http://ingurukohegaztiak. blogspot.com.es/).
Parte hartzeko negu osoan zehar eman ahalko da izena, eta proiektua amaitzerakoan parte hartzaile bakoitzari bildutako datu guztiekin egindako txosten bat helaraziko zaio, janlekuak bisitatu dituzten hegazti espezie guztien urtaroko eboluzioa ezagutu dezaten.