Gipuzkoako abesbatzen topaketak egingo dira gaur eta bihar, Mutrikun
Parrokian egingo diren emanaldietan Gipuzkoatik etorritako 18 taldek parte hartuko dute. Kontzertuak 16:30ean hasiko dira, eta egunero, bederatzi taldek jardungo duteGipuzkoa osotik etorritako 18 abesbatzek parte hartuko dute gaur eta bihar Mutrikuko J...
Parrokian egingo diren emanaldietan Gipuzkoatik etorritako 18 taldek parte hartuko dute. Kontzertuak 16:30ean hasiko dira, eta egunero, bederatzi taldek jardungo dute
Gipuzkoa osotik etorritako 18 abesbatzek parte hartuko dute gaur eta bihar Mutrikuko Jasokunde Amaren parrokian egingo diren XVII. Gipuzkoako abesbatzen topaketetan.Mutrikuko Anaiarte Biltokiak antolatuta eta Mutrikuko Udalak lagunduta egingo dira topaketak, eta bertan, 635 lagunek parte hartuko dute. Eusebio Azkue Anaiarte Biltokiko presidenteak azpimarratu duenez, Mutrikun tamaina horretako topaketa bat egingo den estreinako aldia izango da. «Guretzako hau dena antolatzea oso berezia eta garrantzitsua da, hainbeste abesbatza batera ez da sekula Mutrikun egon eta».
Gaineratu duenez, bi urteurren bereziren harira egingo dira topaketak Mutrikun. «Aurten, Anaiarte Biltokiaren 25. urteurrena ospatzen ari gara, eta aldi berean, Mutrikuko Musika Eskola sortu zela 30 urte bete dira. Bi urteurren berezi horiei begira, Gipuzkoako Erretiratuen Elkarteari topaketak Mutrikun antolatzeko eskaera egin genion, eta horregatik egingo dira aurten topaketak Mutrikun».
Topaketei dagokienez, kantaldiak 16:30ean hasiko dira egunero, eta emanaldi guztiak doakoak izango dira.
Launa kantu
Egun bakoitzean bederatzi abesbatzek abestuko dute, eta gaur, esaterako, honako taldeek abestuko dute: Gure Kabia (Añorga), Buztintegi (Legazpi), Basotxo (Aretxabaleta), Zeba (Olaberria), Goizalde (Zumarraga), Nao Etxea (Alza), Club Jubilados (Trintxerpe), Pake Leku (Oñati) eta Centro Social Unzaga (Eibar).
Bihar, aldiz, honakoak igoko dira oholtza gainera: Abaroa (Arrasate), San Joxepe (Bergara), Orobione (Lazkao), Centro Social (Beasain), Kasino Zaharra (Hondarribia), Umore Ona (Ordizia), Aiton Borda (Lezo), Biyak-Bat (Lasarte) eta, azkenik, Anaiarte Biltokia (Mutriku).
Arantza Ugartek gidatuko du ekitaldia, eta talde bakoitzak launa pieza interpretatuko ditu. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, lau kantetatik bat Gabonekin zerikua duena izango da.
Ikus-entzuleek, hala, estilo eta jatorri guztietako 72 kantu entzuteko aukera izango dute gaur eta bihar. Eta pieza gehienak euskaraz izango badira ere, tartean, gazteleraz edo ingelesez abestutakoak entzuteko aukera ere egongo da.
Abesbatzerako moldaketa
Mutrikuko abesbatzeko 23 kideak Roberto Bergararen zuzendaritzapean jo eta su egon dira azken asteotan entsegatzen, eta hitzordua ailegatzeko desiatzen daudela adierazi dute. Euren parte-hartzearekin itxiko dira topaketak, eta honako kantuak eskainiko dituzte: Jaun handiak ikusazue Gabon kantua, Beatles taldearen Michele eta Yesterday kantuak eta, azkenik, Mutrikuko Txairo bikotearen Lorerik ederrena.
Txairo bikotearen kantu ezagunari moldaketa bat egin diote, eta aurreratu dutenez, Anaiarte Biltokiko abesbatzak topaketan estreinatuko du abestia jendaurrean. «Aspaldikoa da berez, baina abesbatza batekin abestuko den lehendabiziko aldia da».