Emakume baserritarren inguruko hitzaldia emango dute barikuan
Baserri bako herririk bai? Emakume bako baserririk bai? izenburupean, Maite Aristegi nekazariak hitzaldia emango du bariku arratsaldean, Mendexako udaletxeko ganbaran.Euskal Herrian baserriek zein emakume baserritarrak izan duten garrantziaz ariko da h...
Euskal Herrian baserriek zein emakume baserritarrak izan duten garrantziaz ariko da hizlaria, 19:00etatik aurrera.
Maite Aristegi Bergarako Lamaino-Etxeberri baserrikoa da, eta Euskal Herriko Nekazarien Sindikatuko idazkari nagusia izan zen.
Leixarra elkarteak Mendexako Udalaren Berdintasun Batzordearen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz antolatu du berbaldia, eta azaldu dutenez, emakume baserritarren «erradiografia» egingo du Aristegik: «Emakumeek tradizionalki baserrietan izan duten egitekoa eta garrantzia azalduko ditu, eta etorkizunari begira ere ikuspegi baikorra eskainiko digu».
Beraz, Mendexako zein inguruko bizilagunentzat hitzaldi interesgarria izango dela uste dute, eta nahi dutenei bertaratzeko deia luzatu diete.
Domekan, antzerkia
Barikuko hitzaldia ez da asteburuan Mendexan egongo den kultur ekitaldi bakarra. Izan ere, domekan Azpeitiko Lakrikun Antzerki Taldearen Prest gaude! antzezlana egongo da, udaletxeko ganbaran.
18:00etan hasiko da antzerki emanaldia, baina ordu erdi lehenago kafea eta pastak prestatuko dituzte herritarrentzat.
Argazki erakusketa
Bestalde, Leixarra elkarteko kideek aurten ere argazki zaharrekin osatutako erakusketa ikusgai jarriko dute Gabonetako oporraldian. Hain zuzen ere, hilaren 25ean eta urtarrilaren 1ean eta 6an udaletxeko ganbaran jarriko dute Emakumea Mendexan erakusketa, 12:00etatik 14:00etara.
100 bat argazkigaz osatu dute erakusketa, XIX. mende amaieratik gaur egungoetara.
Leixarra elkarteko kideek 700 argazkitik gora bildu dituzte azken urteotan, eta oraindik ere argazkiak jasotzen jarraitzen dutela gogora ekarri dute: «Lantzean behin altxor bat agertzen zaigu. Herritarrek argazkiak bidaltzea nahi dugu; gugaz harremanetan jarri daitezela edo udaletxera joan eta handik bideratu ahal dizkigute».