Biharko antolatu du Foruko Udalak HAPOari buruzko lehenengo informazio hitzaldia
Hiri Antolamendurako Plan Orokor (HAPO) berria prestatzen dabil Foruko Udala. Hori egiteko herritar guztien ideiak eta iritziak entzuten ari da udala, prozesu guztian antolatutako herritarren partaidetzarako bileren bitartez. Bihar [abenduak 15] lehenengo formakuntza-informazio hitzaldia emango dute. Horretan, oinarrizko dokumentu tekniko bat aurkeztuko diete bertaratutakoei, HAPOaren hasierako puntu legez. 19:00etan jarri dute hitzordua udaletxean.
Hurrengo parte hartze jardunaldia urtarrilaren 15ean egingo dute, 18:30ean, udaletxean. Horretan, gai garrantzitsuak landuko dituztela azaldu dute: Espazio publikoak, ingurumena, mugikortasuna, etxebizitza eta ekipamendu publikoak.
Gainera, laguntza teknikoa emateko saioak ere prestatu dituzte. Horiek, baina, aurretiazko hitzordu bidez kudeatuko dituztela esan dute udaletik. Honako egunetan egingo dituzte aipatu saioak: Abenduaren 15a (16:30-18:00); abenduaren 22a (18:00-20:00); abenduaren 28a (12:30-14:30); urtarrilaren 12a (18:00-20:00); urtarrilaren 19a (15:30-17:30); urtarrilaren 26a (18:00-20:00); eta otsailaren 2a (15:30-17:30).
Foruko Udalak herriko HAPOa garatzeko prozesu gardena eta parte hartzailea egin gura du. Lehenengo fasea amaitu ondoren, hau da, diagnostikoa eta pre-aurrerakina, badaukate aurrerakinaren dokumentua esku artean. Horretan, Foruko herria garatzeko aukera ezberdinak agertzen dira eta jendaurrean egongo da bi hilabetez.
Gobernu taldearentzat “ezinbestekoa da herritarrek HAPOaren diseinua zertan datzan eta zer suposatzen duen ezagutzea”. Foruko alkate Jane Eyre Urkietaren arabera, “Foruko HAPOa herritar guztion neurrira egiteko, guztion beharrizanei erantzunez, ezinbestekoa da guztion partaidetza. Horrela soilik ezarriko ditugu adostutako euskarri sendoak gure herria hazteko. Gure herritarren beharrizanak, zalantzak, iradokizunak edota ekarpenak gure bide orria izango dira”. Horregatik guztiagatik eta herritar guztiak informatuta egon asmoz, herritarrak gonbidatu ditu bileretan parte hartzera.