Gaur goizean hasi dira lanak egiten. Lan horiek egiteko behar diren
materialak eta makinak helikopteroz ari dira eramaten.
Helikopteroa lanak egiteko beharrezkoa den materiala eroaten
Bizkaiko Foru Aldundiak Gaztelugatxeko San Juango baselizaren atzealdeko espaloia konpontzeko lanak egiten hasi da gaur. Azaldu dutenez,
20-25 metro inguruko pitzadura dauka. Modu horretan, lehenik eta behin, zolata berria jarriko dutela azaldu dute, dagoenaren gainean. Ondoren, zolari eusteko, 110 milimetroko diametroa duten mikropiloteak jarriko dituzte bi lerrotan, batetik besterako metro bateko distantzia utzita; mikropilote batetik bestera, berriz, bi metroko distantzia egongo dela zehaztu dute. Horien gainean jarriko duten zoladura harrizkoa izango da, orain dagoenaren “ahalik eta antzekoena”, diote. Era berean, perimetro osoan, altzairu
herdoilezinezko baranda jarriko dute, gaur egun zuriz margotuta dagoen metalezkoaren ordez.
Gaztelugatxeko San Juan biotopo babestua denez, itsaslabarrean behera hondakinik ez ur zikinik ez botatzeko neurriak ezarriko direla azaldu dute.
Lanak egiteko beharrezkoak dituzten materialak eta makinak baseliza ingurura zuzenean eroateko, helikoptero bat erabiltzen ari dira.
Helikopteroa hiru egunetan erabiliko dute: Lehenengo egunean, gaur, seinaleak, babesgarri kolektiboak eta mikropiloteak jartzeko behar diren materialak eta makinak eramaten ari dira; bigarrenean, obra burutzeko behar diren gainerako makinak eta materialak eroango dituzte eta mikropiloteak jartzeko erabilitako makinak eta soberako materialak garraiatuko dituzte; eta, hirugarrenean, makina guztiak eta erabili gabeko material guztiak kenduko dituzte.
Helikopteroa erabiliko den hiru egun horietan, baselizara joateko
bidea itxita egongo da segurtasuna bermatzeko. Eskaileren hasieran debekuaren berri ematen duten kartelak jarriko dituztela azaldu dute.
Lan horiek guztiak egiteko Foru Aldundiak
105.435 euroko inbertsioa egingo du.
Lanak bi hilabetean amaitzea aurreikusten dute.
Bizkaiko Foru Aldundiko ingurumeneko zuzendari Unai Gangoiti egon da gaur Gaztelugatxe inguruan, lanen nondik norakoen berri emateko. Argi utzi gura izan du,
lanok ez direla Gaztelugatxeko San Juanen egingo duten Jarduketa Plan Integralaren baitakoak. “Aipatu plana aldundiak agintaldi honetarako duen plan estrategiko bat da. Gaztelugatxeko San Juanek bi gauza garrantzitsu ditu: Batetik, espazio natural babestua da, eta bestetik, enklabe turistikoa da. Berezitasun bi horiek bat eginda atera beharko da etorkizuneko Jarduketa Plan Integrala. Uste dugu irailerako posible izango dugula euskarri teknikoa eskuartean eduki. Horren bitartez jakin ahalko dugu Gaztelugatxeko San Juanen egin ahal dena, zelan egin daitekeen, zenbat denporan eta zenbat dirutan”, azaldu du.