Mundakako Udalak eta Visesak
Babes Ofizialeko Etxebizitzak eraikitzeko kolaborazio hitzarmena sinatu dute. Hala, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailaren menpekoa den sozietate publikoak
babespeko 24 etxebizitza sustatu eta gauzatuko ditu
Erreka auzoan, antzinako harrobian, udalarena den lursail batean.
Alvaro Amann, Mundakako Udaleko Hirigintza zinegotzia; Aitor Egurrola Mundakako alkatea eta Visesako zuzendari Marcos Muro hitzarmena sinatzen. Argazkia: Nueva Europa
Mundakako
Udalak 198.765 euro jasoko ditu eskudirutan, eta, jakinarazi dutenez, hiru zatitan jasoko dute dirua. Era berean,
300 metro kuadroko lokala ere jasoko du udalak. Aipatu lokala udalak zehaztuko duen erabilerarako egokituta emateko konpromisoa hartu du Visesak.
Udaletik azaldu modura, “herrian etxebizitza prezio eskuragarrian eskaintzea da kolaborazio hitzarmenaren helburua, batez ere, Mundakako gazteei eta familia berriei zuzenduta”.
Etxebizitza horiek eskuratzeko orduan,
lehentasuna edukiko dute udalerrian 10 urtetik gora erroldatuta daramatzaten horiek eta Babes Ofizialeko Etxebitzak salmentarako erregimenean eskuratzeko betekizunak betetzen dituztenek. Behin zerrenda hori agortuta, azaldu dutenez, antzinakotasunik gabeko erroldatuek izango dute lehentasuna.
24 etxebizitzen
erabilera erregimena jabetza osokoa izango dela zehaztu dute, eta horiek esleitzerako orduan, sustapen publikoko etzebizitzari buruzko araubide autonomikoan ezarritako baldintzak eta betekizunak aintzat hartuko dituztela jakinarazi dute.
Visesak hartutako konpromisoaren arabera,
2018ko apirilaren 30a baino lehen hasi beharko dituzte lanak eta
2020ko uztailaren 31a baino lehen amaituta egon beharko dira.
Hitzarmenaren aurreikuspenak eta konpromisoak betetzen direla bermatzeko Jarraipen Batzordea eratuko dutela azaldu dute udaletik. Erakunde bakoitzeko bi ordezkarik osatuko lukete batzordea.
Hitzarmena sinatu aurretik, Mundakako Udalak herritarren aurrean aurkeztu zuen proiektua otsailean, eta herrian dagoen etxebizitza beharrizanari buruz ere galdetu zuen herri foro batean.