20.454 herritar daude deituta Lea-Artibaiko herri galdeketara
Herritarren gehiengoaren parte-hartzea bermatzea izango da herri dinamikaren erronka nagusia. Lehen urratsa Gure Esku Dago Lea Artibai elkartea sortzea izan daIspasterrek ekainaren 11n hasitako bideari jarraituz, 2017ko maiatzaren 7an erabakiko dutela ...
Herritarren gehiengoaren parte-hartzea bermatzea izango da herri dinamikaren erronka nagusia. Lehen urratsa Gure Esku Dago Lea Artibai elkartea sortzea izan da
Ispasterrek ekainaren 11n hasitako bideari jarraituz, 2017ko maiatzaren 7an erabakiko dutela iragarri dute Lea-Artibai eskualdeko bederatzi herrik. 16 urtetik gorako 20.454 herritarrei hitza eman nahi dietela adierazi zuen Gure Esku Dago Lea-Artibai herri ekimenak domeka eguerdian Lekeitioko Independentzia plazan egindako agerraldi jendetsuan.«Ispasterrek ekainaren 11n eman zigun lekukoa hartu, eta guri dagokigu orain gure herrietan milaka herritarrek hitza hartu eta erabaki dezaten bidea erraztu eta antolatzea», adierazi zuten galdeketen olatura batu diren bederatzi herrietako ordezkariek: Amoroto, Aulesti, Berriatua, Etxebarria, Lekeitio, Markina-Xemein, Mendexa, Ondarroa eta Ziortza-Bolibar. «Ez dago atzera bueltarik, dagoeneko olatu gainean gaude, eta Lea-Artibaiko herri guztietara erabakitzeko eskubidearen ilusioa eta gogoa piztera gatoz».
Hiru fase
Herritarren gehiengoaren parte hartzea bermatzea izango da herri dinamikaren erronka nagusia. «Ez gara lehenengoak, gure aurretik beste herri batzuek eginda daukate galdeketa. Bidea ez da erraza, eta lan handia daukagu egiteko: sinadurak bildu, herritarrak sentsibilizatu, ekitaldiak antolatu, dirua lortu, galdera adostu, parte hartzea bermatu, begiraleak ekarri. Erronka handia da, baina ilusioa ere tamaina horretakoa da».
Herri galdeketa prozesuaren antolakuntzak lana eta konpromisoa ere badakarrela esan zuten, eta herri guztietan hasita daudela urratsak ematen. «Gure Esku Dago Lea Artibai elkartea sortu dugu, hori baita galdeketa-prozesua aurrera eramateko lehen urratsa. Orain, denon artean galdeketa egunera eramango gaituen ibilbidea marrazten ari gara».
Maiatzera bitarteko prozesua, bestalde, hiru fasetan banatuta egongo dela zehaztu zuen Lea-Artibaiko Gure Esku Dago-k: Ehundu (herritarren borondatea eta babesa bildu), Adostu (herriz herri galdera adosteko prozesuak abian jarri) eta Erabaki (herri galdeketaren bidez herritarrei emango diete hitza).
Lehen faseari dagokionez, eta galdeketari zilegitasuna emateko, Lea-Artibain, gutxienez, 2.125 sinadura lortu beharko direla azaldu zuten. Sinadurak batu ostean, berriz, herriz herri galderak adosteari ekingo diote, eta azkenik, herri galdeketa gauzatuko da.
Lea-Artibaiko herritarrei denen artean adostuko duten galdera egiteko konpromisoa ere hartu zuten. «Hori da demokraziaren oinarria».
Mutrikun ere egun berean
Ekitaldiagaz amaitzeko, Gure Esku Dago ekimena herritar guztiei zabalik dagoela gogora ekarri zuten. «Denon beharra dago, inor ez dago soberan. Denok elkarregaz ametsak egi bihurtuko ditugu».
Mutrikuarrek ere galdeketa egun berean egiteko asmoa dutela baieztatu dute. Hala, Debabarrena eskualdeko herriek Lea-Artibaikoekin batera egingo dute herri galdeketa.