Lointek Gernika Bizkaiak ligako defentsa onena duela erakutsi du beste behin
Talde gernikarra 55-62 nagusitu zitzaion Mann-Filterri atzo. Zaragozako taldeak kopa txartela zuen jokoan, eta ia partida osoan markagailuan aurretik izan zen.
Bi taldeak indartsu zelairatu ziren, eta lehenengo jokaldietan agerian utzi zuten biek ala biek garaipena lortzeko helburua zutela. Etxekoen huts egiteak ondo aprobetxatu zituzten Gernika-Lumoko taldeko jokalariek, eta jokaldiak ondo irakurrita, 6-9ko markagailuagaz aurretik jarri ziren. Baina, etxeko jokalariak eroso jokatzen hasi zirenean, markagailua iraultzea lortu zuten, eta 21-11ko emaitzagaz amaitu zuten lehen laurdena.
Ondoren, aurkariarengan presioa handituta, 0-6ko partziala lortu zuen Lointek Gernika Bizkaiak. Baina, etxeko jokalariek ere gogor estutu zituzten Carter, Llorente eta Pina. Hiruko jaurtiketekin min handia egin zuen talde zaragozarrak.
Lau puntuko aldeagaz joan ziren aldageletara (35-31), eta hirugarren laurdena bikain hasi zuen talde gernikarrak. Kantxan bizi, eta batik bat defentsa lan sendoa eginez jokatu zuen. Baina, markagailuko alde estuak garaipena edozeinek eskuratu zitekeela adierazten zuen. Esaterako, 46-45ko markagailutik 46-47kora pasatu ziren.
Hiru puntuko aldeagaz heldu ziren azken laurdenera (46-49). Partidako azken minutuetan defentsan zein erasoan sendo jokatu zuten Lointek Gernika Bizkaiaren jokalariek.