Basurdeek defentsa lanean eta erasoko jokaldietan erakutsitako zorroztasunari esker, garaipen garrantzitsua lortu zuten atzo eguerdian.
Partida hasi eta hiru minutura lortu zuen talde gernikarrak lehen entsegua, eta Pichlerrek transformatuta, 0-7eko markagailuagaz aurretik jarri ziren. Hiruzpalau minutura alde murrizteko aukera izan zuen etxeko taldeak. Hala ere, Marx jokalariak kanpora bidali zuen gaztigu-ostikoa.
Basurdeek partida kontrolpean izan zuten hasierako jokaldietan, baina, minutuak aurrera egin ahala parekatuago jokatu zuten. Hala, zenbait minututan, batzuek zein besteek ez zuten arrisku jokaldirik sortu.
Pichlerrek egin eta transformatu zuen gernikarren bigarren entsegua, eta horri esker, 0-14ko markagailuagaz amaitu zuten lehen zatia.
Argazkia: Anuar Gomez
Atsedenaldiaren ostean, etxeko taldea suspertu, eta ordura arteko gidoia erabat aldatu zuen. Hala ere, Bartzelonako jokalariek ez zuten zelaian zuten nagusitasuna aprobetxatu, eta basurdeek beste kolpe batekin markagailuko aldea handitu zuten (0-17).
Baina, talde bartzelonarra ez zegoen amore emateko prest, eta hurrengo minutuetan erasokor jokatu zuen. Etxeko jokalariek basurdeak estutzen asmatu zuten, eta hori markagailuan islatzea lortu zuten: 10-17.
78. minutuko Pichlerren gaztigu-ostikoaren ostean, hamar puntuko aldea zegoen bi taldeen artean (10-20). Gero, etxekoek burutu zuten partidako azken jokaldia. Horiek kolpea transformatuta, defentsako puntu gehigarria eskuratu zuten.