Lekeition Binakako Txapelketaren kanporaketa jokatuko dute etzi
Bengoetxea VI-Larunbe eta Urrutikoetxea-Beroiz bikoteak ariko dira nor baino nor gehiago. Arratsaldeko lehen partida 17:00etan hasiko da, Santi Brouard pilotalekuanDomekan Esku Pilota Enpresen Ligaren (EPEL) Eskuz Binakako Txapelketaren lehen itzuliko ...
Bengoetxea VI-Larunbe eta Urrutikoetxea-Beroiz bikoteak ariko dira nor baino nor gehiago. Arratsaldeko lehen partida 17:00etan hasiko da, Santi Brouard pilotalekuan
Domekan Esku Pilota Enpresen Ligaren (EPEL) Eskuz Binakako Txapelketaren lehen itzuliko bigarren jardunaldiko azken partida jokatuko dute Lekeitioko Santi Brouard frontoian.Bengoetxea VI.ak eta Larunbek Urrutikoetxea eta Beroizen kontra lehiatuko dute kanporaketa.
Binakako Txapelketako partidagaz gain, beste bi partidak osatuko dute domekako pilota jaialdia. 17:00etan hasiko dira Santi Brouard pilotalekuko norgehiagokak.
Retegi Bik eta Martijak Elordiren eta Irusteren kontra neurtuko dituzte indarrak lehen partidan, txapelketako norgehiagoka jokatuko dute ondoren, eta azkenik, Dario eta Merino eta Ugalde eta Erostarberen arteko lehia ikusteko aukera egongo da.
Eguazten arratsaldean eduki zuten materialaren aukeraketa Bengoetxea VI.ak, Larunbek, Urrutikoetxeak eta Beroizek.
Lehen jardunaldiko partidak galduta, ez zuten ez bikote batak ez besteak punturik lortzerik eduki, eta beraz, lehen puntuaren bila aterako dira kantxara.
42. txapelketa da aurtengo, eta zortzi bikote dira guztira, Asegarceko lau eta Aspeko beste hainbeste, txapelketa honetan zein baino zein gehiago ariko direnak.
Lehen itzulia abenduaren 2an hasi zuten Zestoan, eta urtarrilaren 22an hasiko dute bigarrena. Finalaurrekoak, berriz, martxoaren 12an izango dira, eta finala apirilaren 9an jokatuko dutela aurreikusi dute.
Hasi berri den txapelketa berritasun bategaz dator: txapelketako pilotari onenak saria izango du. Zaleen, teknikoen eta kazetarien iritzia izango dute kontuan horretarako.
Horrela, partida bakoitzeko lau pilotarien arteko onena aukeratzeko botoa emango dute horiek guztiek, eta astez aste sailkapena osatzen joango da. Halan, Lekeitioko onena ere aukeratu beharko dute domekan.
Sarrerak
Sarrerak aldez aurretik lortzeko aukera egongo da bihar, 11:00etatik 14:00etara.
Bestela, jaialdiaren egunean bertan, 16:00etatik aurrera eskuratu ahalko dira pilota jaialdirako sarrerak pilotalekuko leihatilan, 25 eurotan.