Lekeitioko Herri Eskolak 'Escolatik Eskolara' liburua aurkeztuko du
Lauzpabost urte lanean ibili ondoren, Lekeitioko Hezkuntzaren historia kontatzen duen Escolatik Eskolara liburua kaleratu du Lekeitioko Herri Eskolak: Haurreskolak, eskolak eta Institutuak. Gaur aurkeztuko dute lana, 19:30ean, kultur etxeko Azkue areto...
Liburuak aparteko aukera ematen dutela esan dute egileek «Lekeition mendez mende egon den eskola eta irakaskuntzari buruz jakiteko», eta Larrotegiko eskolen historia (haurreskola, eskola eta institutua) azpimarratzeko geldiunea egiten duela azaldu dute. «Irakaskuntzaren historia hiru ataletan banatzen da liburuan: Erdi Arotik Franco hil arte, 1975 urtetik aurrera ematen den euskalduntze prozesua eta berrikuntza pedagogikoa eta azkenik, mende hasieratik gaur egunera arteko epea eta Ikas Komunitatea».
Omenaldia
Liburuaren aurkezpenean aldaketa historikoan protagonista izan diren irakasleei omenaldia egingo dietela ere aurreratu dute. «Hain zuzen ere, euskalduntze prozesuan eta berrikuntza pedagogikoan lekuko izan direnei». Horrez gain, aurkezpen egunean liburua salgai egongo dela zehaztu dute, eta lanean ibili diren arduradunen sinadura jasotzeko aukera ere egongo dela. Gaur arratsaldeko aurkezpen ekitaldira joateko gonbidapena luzatu dute.