Janari bilketa berezia egiten ari da Lekeitioko Elikagaien Bankua
Gutxien dutenek ere Gabonak ondo igarotzeko janari bilketa berezia egiten ari da Lekeitioko Elikagaien Bankua. Saltoki ezberdinetan jarri dute kutxa janaria batzeko, eta zapatura arte egongo da elkartasun bilketan parte hartzeko aukera.Batez ere, elika...
Batez ere, elikagai batzuen faltan aurkitzen dira Lekeitioko Elikagaien Bankukoak, eta zerrenda bat jarri dute bilketa guneetan zeintzuk diren zehazteko. «Tomatea, esnea, zerealak, kakaoa, potoetan dagoen fruta, olioa, espagetiak, umeek pixoihalak eta gailetak behar ditugu batez ere, hilabete honetako banaketarako ez zaizkigu-eta denentzako ailegatuko», azaldu du Marisol Iturraspek.
Mahaia azokan
San Tomas Eguneko azokan ere mahaia jarriko dutela jakitera eman du Lekeitioko Elikagaien Bankuko kideak. «Liburu eta jostailuen trukaketa egingo dugu euro baten, gero, diru horregaz, falta zaigun janaria erosi ahal izateko».
Bestalde, Lekeitioko ikastetxeetako umeen laguntza eskertu du Iturraspek. Esan duenez, mantak, izarak, jolasak eta liburuak batu dituzte Elikagaien Bankuari laguntzeko. «Garai hauetan asko dira manta eske ere datozenak, eta premia horri erantzuten ere lagundu digute ikasleek», azpimarratu du.
Abenduaren 17an, Gabonetako banaketa egingo dutela aitatu du, «aurtengo azken banaketa».