Busturian eta Ean janari eta arropa bilketa solidarioak egiten ari dira
Aurreko urteetan egin modura, beharrizana dutenentzat janari, arropa eta jostailu bilketak egiten dabiltza Busturian eta Ean.Busturiko Madariaga Dorretxean kokatutako Ekoetxea Urdaibaik erabilitako jostailu eta arropa bilketa solidarioa egiteko gunea j...
Busturiko Madariaga Dorretxean kokatutako Ekoetxea Urdaibaik erabilitako jostailu eta arropa bilketa solidarioa egiteko gunea jarri du, eta zerbait eroateko asmoa dutenek, abenduaren 12ra arte egin ahalko dute.
Ekintza honen bitartez bi helburu bete nahi ditu zentroak: kolektibo behardunekiko laguntza eta solidaritatea adieraztea batetik, eta batzuentzat erabilgarriak ez diren materialak birziklatzea eta berrerabiltzea, bestetik.
Irabazi asmorik gabeko Koopera Ingurumen Zerbitzua elkartea ibiliko da batze lanak egiten.
Kooperak ingurumen babesa eta giza berrikuntzaren inguruko ekintzak sustatzen ditu txirotasun arriskuan dauden pertsonen laneratze eta gizarteratzea bilatuz. Baliabideak, espekulazio irizpideak jarraitu barik kudeatzen dira eta gaizkien pasatzen duten pertsonen lan eta gizarte egoera hobetzeko erabiltzen dira, beti ere Ekonomia Zirkularra bultzatuz.
‘Dekonak ez dekonari’
Bestalde, Dekonak ez dekonari kanpaina martxan da Ean. Bizkaiko Elikagaien Bankuagaz bat eginda ari dira askotariko janariak batzen.
Elikagaiak eman gura dituzten herritarrek, herriko dendetan zein Haizeder Eskolan utzi ahal dituzte, asteko egunetan.
Halaber, gaur, zapatuan eta domekan Eako, Natxituako eta Bedaronako elizpeetan eta udaletxeko arkupean jasoko dituzte.
Aurreko urteetan eatarrek erakutsitako elkartasuna errepikatzea espero dute, eta horregatik, antolatzaileek janaria ematera animatu dituzte bizilagunak: «Guri asko kostatu ez, eta askorentzat laguntza handia sortu genezake horrela».