Sentsibilizazio jardunaldiak antolatu ditu Ahlan wa sahlan plataformak
Errefuxiatuek bizi duten egoera herritarrei hurreratzeko asmoagaz hainbat ekimen egingo dira. Gaur hasiko dituzte ekimenak, eta hilaren 29ra arte luzatuko diraErrefuxiatuek bizi duten egoera herritarrei hurreratzeko asmoagaz, hainbat ekimen antolatu di...
Errefuxiatuek bizi duten egoera herritarrei hurreratzeko asmoagaz hainbat ekimen egingo dira. Gaur hasiko dituzte ekimenak, eta hilaren 29ra arte luzatuko dira
Errefuxiatuek bizi duten egoera herritarrei hurreratzeko asmoagaz, hainbat ekimen antolatu ditu Ondarroako Ahlan wa sahlan plataformak Errefuxiatuen aldeko Ondarroako plataforma. Gaur hasi eta abenduaren 29ra bitartean, irratsaio berezia, zine forum saioa, mahai ingurua eta elkartasun merienda egingo dituzte.Hurrengo egunotarako antolatu dituzten ekimenekin herritarrak sentsibilizatu eta horiek hausnartzera bideratu nahi dituztela nabarmendu dute plataformako kideek. «Hemendik kilometro gutxira, gatazka handi bat bizitzen ari dira, baina jendartea beste alde batera ari da begiratzen. Ez gara ohartzen zer egoera bizitzen ari diren».
Radixu Irratian egindako elkarrizketagaz hasiko dituzte ekimenak gaur. Azken mohikanoak magazineko kideek, hain zuzen ere, plataformako bi kide elkarrizketatu dituzte. Besteak beste, Oihana Goikoetxea plataformako kideak Greziako kanpalekuetan bigarrenez bizitako esperientzia hurbilagotik ezagutzeko aukera egongo da.
Zaporeak proiektua
Goikoetxeak bi aste egin ditu boluntario Tesalonicako (Grezia) kanpaleku militarretan, eta adierazi duenez, oraingo honetan «esperientzia desberdina» bizitzeko aukera eduki du. «Oso sentimendu kontrajarriekin egin dut buelta. Alde batetik, poztu egin naiz aurreko egonaldian ezagututako jendea berriro aurkitu dudalako, baina, bestetik, hor jarraitzen dute, harrapatuta. Hilabeteak igaro badira ere, gauzek berdin jarraitzen dutela konturatu naiz, denak geldik jarraitzen du, ez atzera ez aurrera».
Bihar, ostera, zine forum saioa antolatu dute. Refugiados: camino a ninguna parte dokumentala proiektatuko dute Kofradia Zaharrean. Dokumentalak milaka errefuxiatuk bizi duten egoera islatzen du, eta proiekzioagaz amaitutakoan, Zaporeak proiektuaren berri emango du proiektuko ordezkari batek.
Datorren astera begira, bestalde, Errefuxiatuak. Testuinguru orokorra mahai ingurua egingo dute Etxelilan, Asier Blas geopolitikan adituaren eskutik. Azpimarratu dutenez, Blasek hainbat galderari erantzuteko aukera izango du. «Hau guztia zergatik ari den gertatzen azalduko digu, eta gatazka horretan guk zer ardura dugun konturatzeko balio ahalko digula ere uste dugu».
Era berean, bidaia solidarioak egin dituzten herritarrek ere euren esperientziak kontatuko dituzte mahai inguru horretan. Egunotan Tinduf-era (Argelia) saharar iheslarien kanpalekura joandako gazteetako batek parte hartuko du, Oihana Goikoetxeagaz batera.
Hitzaldiak ikastetxeetan
Jardunaldiekin amaitzeko, abenduaren 29an, elkartasun merienda egingo dute kiroldegian. Ekimen horregaz beste ume batzuk zer bizitzen ari diren gerturatu nahi diete herriko umeei. «Kiroldegian hainbat argazki zintzilikatuko ditugu, eta bertan kanpalekuetan dauden umeak zelan bizi diren eta zelan jolasten duten erakusten da, bertako umeak nola dauden erakustarazteko».
Plataformako kideek azaldu dutenez, gainera, hurrengo asteotan herriko ikastetxeetara ere joango dira, errefuxiatuek bizi duten egoeraren berri ematera.