Nagusia kaleko 21. zenbakiko hiru etxebizitza alokatuko ditu.
Hilean 250,75 euro ordaindu beharko dituzte herritarrek, eta
bost urteko kontratua izango dute,
luzatzeko aukerarekin.
Kontratua egiterakoan
irizpide hauek kontuan hartuko dituzte: Elantxoben erroldatuta egotea, seme-alabak edukitzea, etxebizitzarik ez izatea eta Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) jasotzen duten ala ez.
Halaber, udalak Bizigune programarentzat edo errefuxiatu, iheslari edota lekualdatuentzat sor litezkeen programentzat etxebizitza bat gordetzeko “eskubidea” dutela zehaztu dute.
Udal etxebizitzen alokairua urteko azken osoko bilkuran onartu berri dute, eta horrekin batera, beste hainbat erabaki eta ekimen onartu dituzte, “aho batez”. Denak ere
udalerriko zuzpertze sozio-ekonomikoa indartu asmoz onartu dituztela azaldu du udal gobernuak.
“Herriko ondasunen eta baliabideen ahalik eta errentagarritasun handiena bilatzeko proiektuak berriak dira. Hasi dugun bideak herriko kultura eta ideia berritzaileak batzen ditu, kudeaketa lan handia eginez, eta batez ere herrira eta herritar guztiei zerbitzua emateko bokazioagaz. Izan ere, udala da batzen gaituen erakundea”, adierazi du Josu Olagibel Elantxobeko alkateak.
Turismoa indartzeko
Bestalde, hilaren 2ko osoko bilkuran Atalaya 4 eraikina (bi solairu ditu) turismorako tresna izatea erabaki zuten. Zehatz esateko,
turistentzat etxebizitzak alokatzen dituzten enpresaren bati alokatu gura dio udalak. Eraikin horrekin batera, antzinako irakasleen etxebizitzak ere alokatuko lituzkete. Neurri hau “aldizkako turismoa suspertzeko” helburuagaz onartu dute.
Azaldu dutenez, Atalaya kaleko eraikinak sei urte daramatza hutsik, eta etxebizitzak zaharberrituko eta konponduko dituzte. Hain zuzen ere, udalak eta eraikina alokatzen duen enpresak erdibana ordainduko dituzte lanak, eta horiek burutzeko lau hilabeteko epea zehaztu dute.
Gainera, turistentzat etxebizitzak alokatzen dituen enpresarekin alokairua adosteko, hark udalerrian erroldatuta daudenak kontratatzea izango da irizpideetako bat.
Erregai biltegia
Bestalde,
Kofradiako pisatzeko erabiltzen zen lokala txalupen zenbait jaberi (horien eskariz) alokatzea ere onartu dute urteko azken osoko bilkuran. Konponketa lanak burutu ostean prest izango dute.
Era berean,
portuan erregai biltegia jartzearen Eusko Jaurlaritzaren proposamena ere aztertu dute osoko bilkuran. Proiektua
erakusketa publikoan jarriko dutela jakitera eman dute, herritarrek alegazioak aurkezteko aukera izan dezaten.
Behin-behineko aurrekontua
2017rako behin-behineko aurrekontua onartu du Elantxobeko udalak. 443. 039 euro. Gainera, aurten eginiko kudeaketa finantziarioari esker, zuen zorra kitatu, eta udal-kutxa garbitu ditu. “Ordenan, arrazionaltasun irizpidean eta kudeaketan egindako esfortsuari esker oreka finantzarioagaz eta soberakinakaz zarratu dugu urtea”, azaldu du Olagibelek.
Datorren urterako aurreikusi dituzten inbertsio erronkek irisgarritasuna irabazteko eta udal ondasunak errentagarri egiteko helburua dutela zehaztu du Elantxobeko alkateak.
Bestalde, herriko
aterpetxearen jarduna 2017ko abenduaren 31an amaitzea erabaki dute urteko azken osoko bilkuran. Hala, gogora ekarri dute herritarrek eraikinaren erabilerari dagozkion proposamenak emateko aukera dutela.