Hedabideetan zabalik
'Gaur irekiko ditu ateak' ikus-entzunezkoa argitaratuko dute hainbat euskal hedabidek gaur, HITZAk tarteko. Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraren historia biltzen du dokumentalakEuskaldunon Egunkariari buruzkoa da Gaur irekiko ditu ateak dokumentala. 88...
‘Gaur irekiko ditu ateak’ ikus-entzunezkoa argitaratuko dute hainbat euskal hedabidek gaur, HITZAk tarteko. Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraren historia biltzen du dokumentalak
Euskaldunon Egunkariari buruzkoa da Gaur irekiko ditu ateak dokumentala. 88 minututan, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Eloy Velascok ixteko agindu zuen euskarazko kazeta bakarra du protagonista ikus-entzunezkoak.Hainbat euskal hedabidek dokumental horren zabalkundea egingo dute gaur, 21:30ean, edizio digitaletan. Baita HITZAk ere, bi edizio digitaletan: www.lea-artibaietamutriku.hitza.eus eta www.busturialdea.hitza.eus.
Eriz Zapirain da Gaur irekiko ditu ateak dokumentalaren gidoilari eta zuzendaria. Lan hori hainbat herritan aurkeztu izan dute aurretik. Gernika-Lumon, esaterako, ekainaren 3an eman zuten, Astran.
1990. urtean sortu zuten Euskaldunon Egunkaria. 2003an, hura ixteko agindu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak. Egunkaria ixteaz gain, zuzendaritzako partaideak atxilotu eta torturatu egin zituzten. ETAko kide zirela esan zuten. 7 urte beranduago, baina, salaketa horien zentzugabetasuna frogatu zuten epaiketan, eta akusatu guztiak absolbitu egin zituzten. Gaur irekiko ditu ateak lana ez da, ordea, bidegabekeria tamalgarri horien bilduma; lehenengo euskarazko egunkariaren sorrera pozgarri eta itxaropentsua dauka hizpide.
Gazteei erakusteko
Hainbat ikus-entzunezko egin izan dira egunkariaren itxieran inguruan, baina dokumental hau da sorrera, mirari txiki hura jorratzen duen lehena. Lekukotasunen artean, Koldo Eizagirre, Iñaki Uria, Imanol Murua, Beatriz Zabalondo edo Jose Mari Torrealdai foruarrarenak jaso ditu, besteak beste.
20 urteko gazte bati interesatuko zitzaion produktu bat nahi zuten bultzatzailek, eta Zapiraini egin zioten proposamena.
«Elkarrizketak egiten nituen bitartean jabetu nintzen gazteei zer arrotza egingo zaien ikustea egunkari bat orduan nolakoa zen. Gazteei erakutsiko diegu garai hartan ez zegoela Internetik, ez argazki digitalik», azaldu zuen zuzendariak Berria egunkarian.