Zauri larriekin eraman dute ospitalera Zugaztietan istripua izan duen gizonezkoa
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, gaur goizean, 09:10ak inguruan, gizonezko batek istripua izan du BI-635 errepidean, Muxikako Zugaztieta auzoan. Azaldu dutenez, galtzadatik atera da Citroen Berlingo markako autoa eta trenbidera erori da. Ezbehar horren ondorioz, larri zauritu da auto gidaria, eta Gurutzetako ospitalera eraman behar izan dute, helikopteroz.
Ondorioz, istripua gertatu den tokiko trafikoa eten egin behar izan du Ertzaintzak. Halaber, ibilgailua trenbidetik kendu bitartean, etenda egon da Zugastieta eta Zornotza arteko tren-zerbitzua.