Mendatak belaunaldi ezberdinak batzeko jarduerak antolatu ditu
Tradizio gastronomikoan oinarrituta, herria batzeko eta gizartea dinamizatzeko aisialdi jarduerak egingo dituzte herrian, abenduaren 9an eta 10ean. Gazte zein nagusiak batuta, sukaldaritza tailerra egingo dute barikuan. Begihandien entsalada, kokotxan saltsan eta trufa tarta prestatuko dituzte elkarrekin. Tailerra Albizko txokoan emango dute, 19:00etan. Parte hartzeko plaza mugatuak direla jakinarazi du udalak. Idatze Etxean eman behar da izena, edo 94-625 72 04 edo 94-625 47 22 telefonoetara deituta (eguaztenetik domekara, 10:00etatik 14:00etara). Izena emateko azken eguna abenduaren 7a izango da. Amantala etxetik eramateko eskatu dute.
Bazkarira joan gura duenak, berriz, abenduaren 8a izango du izena emateko azken eguna. Artape tabernara jo beharko du, edo 94- 625 13 79/ 94- 625 47 22 telefono zenbakietara deitu, (eguaztenetik domekara, 10:00etatik 14:00etara).
Zapatuan, berriz, Santa Luzia eguneko bazkaria egingo dute. Artape tabernan batuko dira bazkarirako, 14:30ean.