II. Bertso triki poteoa egingo dute Muxikako txokoetatik
Iaz egin zuten lehenengoz bertso triki poteoa Muxikan, eta 80 lagun inguru bildu ziren bertan. Orduan izandako arrakasta ikusita, aurten ere, berriro antolatzera animatu dira. Hain justu, zapaturako jarri dute ordua: Kurtzero auzoan bilduko dira 16:45ean, eta bertatik autobusean aterako dira herriko gainontzeko auzoetarantz.
Herritarrak batzeko helburua duen ekimen horrek herriko txokoetatik egingo du ibilbidea. Iaz, lau txokok parte hartu zuten; hain zuzen, Ajuria, Ariatza, Eleizalde eta Ibarruriko txokoetan izan ziren ekimenagaz bat egin zuten herritarrak. Aurten, baina, Maume eta Gorozikako txokoetara ere gerturatuko dira.
Geldialdi bakoitzean pintxoa jateaz eta potea hartzeaz gain, giro onaz gozatzeko aukera izan zuten iaz, eta aurten ere, hala izango delako esperantzaz aterako dira zapatuan. Halaber, giro hori are gehiago hobetzekotan, Ander Elortegi, Julen Ibarguengoitia eta Jon Arano bertsolarien konpainia ere izango da egun horretan. Eta horiekin batera, einGO Kantan eta Dantzan taldeko kideen trikitixaren doinuekin alaituko dute arratsaldea.
Aipatu txokoetan, beraz, pintxoak egin beharko dituzte, gero herritarrek jan ahal izateko. Txoko bakoitzak bi eratako pintxoak egin beharko ditu: batak patata tortillana izan beharko du, eta bestea aukerakoa izango da. Txokoetatik igaro ostean, herritarrek osatutako epaimahaiak erabakiko du zein den txoko irabazlea.
Zapatuko bertso triki poteoagaz gozatu nahi duenak, baina, izena eman beharko du Zubieta Errotan, doan. Bertara jo ahalko da izena ematera, edo bestela 645 00 66 63 edota 94-625 76 85 telefonoetara deituta zein liburutegia.muxika@bizkaia.org helbidera idatzita eman ahalko d izena. Bihar da horretarako azken eguna.
Kultura sailetik herriko txokoek egun horretan egingo duten lana eskertu nahi dute; “euren ekarpenik gabe ezinezkoa litzatekelako horrelako ekimenak bultzatzea”.