Aurretik Hernaniren (14-11) eta Ordiziaren (24-6) kontrako derbietan gailendu moduan, zapatu arratsaldean 37-18 irabazi zion Gernika R.Tk Getxo Artea R.Tri. Gainera, sailkapenean postu bat igo da Gernika-Lumoko taldea; gaur gaurkoz zazpigarrena da, 22 puntugaz.
Garaipena eskuratzea zuen helburu etxeko taldeak, eta ideiak argi zituela zelairatu zen. Partida hasi eta 44 segundora ez zuen alferrik galdu markagailua estreinatzeko aukera. Pichlerrek transformatu zuen zigor entsegua.
Hurrengo minutuetan jokalari getxoztarrak estu hartu zituzten basurdeek. Baina, hamaseigarren minutuan Getxo Arteak entsegua egin, eta transformatzearen ondorioz, 3-7ko markailuagaz aurretik jarri ziren.
Hala ere, etxeko taldeak zuen partidaren kontrola, eta jokaldi bikain baten ostean, Juradok entsegua egin, eta Pichlerrek transformatu zuen. Horrela, hiru puntuko aldeagaz markagailuan aurretik ziren basurdeak (10-7). Orduan partida bideratzen hasi ziren, eta Palisak beste entsegu bat lortu zuen.
Lehenengo zatia amaitzear zela, Getxoko taldeak markagailuko aldea murriztu zuen. Baina, azken jokaldian Pichlerrek ondo aprobetxatu zuen zigor entsegua, eta hamar puntuko aldeagaz joan ziren aldageletara (20-10).
Argazkia: Anuar Gomez.
Bigarren zatia lehenengoaren moduan hasi zuten. Etxekoek beste bi entsegu lortu gura zituzten, erasoko puntu gehiagarria eskuratzeko.
Bigarren zatia hasi eta lau bat minutura, Basten pase ederrari esker, Dominguezek entsegua egin zuen, baina, Pichlerrek ez zuen transformatzen asmatu (25-10).
Gero, Getxo Arteak gaztigu ostikoa aprobetxatuta hiru puntu lortu zituen. Orduan suspertu zen talde getxoztarra, eta etxekoak estu hartu zituzten. Hain zuzen ere, erasoko jokaldi bikain baten ostean, Matotok bigarren entsegua lortu zuen taldearentzat (25-18).
Getxo Arteak markagailuari buelta eman gura zion, eta basurdeek bazekiten hori saihesteko gogor lan egin behar zutela. Horrela, etxekoen laugarren entsegua heldu zen, eta erasoko puntu gehiagarria lortu zuten.
31 minutuan Justinek beste entsegu bat egin zuen etxekoentzat, eta partida irabazteko bisitarien ahalegina ezerezean geratu zen.