2016-2017 denboraldia hasi zutenetik Malosten partidarik galdu barik zegoen talde gernikarra, zapatuan, baina, ezin izan zioten bolada onari eutsi. 57-62 amaitu zen bizkaitarren eta gipuzkoarren arteko derbia.
IDK Gipuzkoak etxeko taldeak baino hobeto jokatu zuen; jokaldiak ondo irakurrita, beren jokoa egiten asmatu, eta merezitako garaipena eskuratu zuen. Lointek Gernika Bizkaiako jokalariek, ostera, zenbait argiune baino ez zituzten izan. Etxeko taldea hirugarren laurdenean aritu zen finen: defentsan sendo, kanpoko jaurtiketetan asmatuz, jokoan orekari eutsiz, eta baloia berreskuratzen ondo.
Hiru jokalari gutxiagogaz heldu zen talde gipuzkoarra Malostera, eta jokalariek bazekiten normalean baino minutu gehiago jokatu behar zituztenez, indarrak ondo neurtu behar zituztela. Norgehiagoka hasi eta bost minutura hutsartea eskatu zuen Mario Lopezek, 3-9 emaitzagaz zeudela. Sarr eta Colhado IDK Gipuzkoaren jokalariak gelditzeko defentsa lana sendotu, eta erasoko jokaldiak egiteko zituzten zailtasunak konpondu behar zituztela bazekiten etxekoek.
Asurmendiren hirukoaren ostean, 10-15-eko emaitzagaz amaitu zuten lehen laurdena. Bigarren laurdenean ere Asurmendik hirukoak saskiratzen jarraitu zuen, eta batik bat hari esker lortu zituzten puntuak. Nahi eta ezinean zebiltzan etxeko jokalariak. Horren adierazgarri da Lopezek lehen zatiko hutsarte guztiak hamabi minututan amaitu zituela.
Argazkia: Txebi Arriaga
Horrela, lau puntuko aldea izatetik (16-20) ia hamar puntuko aldeagaz heldu ziren atsedenaldira: 23-32. Bigarren laurdena ez zuten ondo amaitu, eta hirugarrena ere antzera hasi zuten. Besteak beste, bi baloi jabetzatan huts egiteak eta Sarren hirukoak partidaren zailtasuna agerian utzi zuen etxekoentzat. 23-39ko emaitzagaz zaleak ere mutu egon ziren zenbait unetan. Asurmendik eta Carterrek laguntza behar zuten kantxan. Baina, handik gutxira defentsan norabide aldaketa egin zuen talde gernikarrak. Asurmendi, Garcia, Llorente, Pina eta Carter zeuden kantxan, eta betiko Lointek Gernika Bizkaia ikusi zen orduan, eta zaleak ere suspertu egin ziren. 15-2ko partzialari esker, aldea murriztu, eta 35-41 markagailuagaz jartzea lortu zuten etxekoek.
42-47ko emaitzagaz heldu ziren azken laurdenera. Talde gipuzkoarreko bost jokalarik ia minutu guztiak jokatu zituzten, eta nekea igarri arren, garaipena lortzeko gogor jokatu zuten, markagailuko aldeari eutsiz. Baina, Lointek Gernika Bizkaiako jokalariek ere bazekiten irabazteko aukera bazutela.
52-53 emaitzagaz emozioa nabarmena zen, eta urduritasuna usaintzen zen kantxan zein harmailetan. Urduritasuna bi taldeen jokoan igarri zen, eta partida amaitzeko bi minuturen faltan, 57-56ko markagailuagaz zeuden. Gero, amaierarako 39 segundo falta zirenean, Lopezek hutsartea eskatu zuen. Ez zuen hirukoa huts egiterik gura, baina, Pinaren jaurtiketa ez zen sartu.
Carter jardunaldiko onena
Amisha Carter Lointek Gernika Bizkaiaren jokalaria izendatu dute 11. jardunaldiko jokalari baliotsuena (Most Valuable Player MVP ). 29 puntu eman dizkiote. Derbian hamazazpi puntu lortu zituen, eta besteak beste, hamabi errebote, asistentzia bat, eta bi baloi errekuperatu zituen.
Denboraldia hasi zutenetik talde gernikarraren jokalari erregularrena dela erakutsi du Carterrek, eta ligako izarretako bat dela agerian utzi du. Gernika-Lumoko taldearen giltzarrietako bat dira bere jokaldiak.
Argazkia: Txebi Arriaga