Onintza Enbeita Maguregi muxikarra eta
Ibon Ajuriagojeaskoa Garmendia gernikarra Miribillan egongo dira abenduaren 17an. Larrabetzuko azken saioaren ostean, erabakita geratu dira Bizkaiko Bertsolari Txapelketako zortzi finalistak, eta euren saioetan lortutako puntuek eraman dituzte Miribillako Oholtzara Busturialdeko bertsolari biak. Beñat Ugartetxea, Etxahun Lekue, Jone Uria, Xabat Galletebeitia, Miren Amuriza, eta Nerea Ibarzabal bertsolariak izango dituzte ondoan, finalean.
Basaurin jokatu zen finalaurrekoko bigarren saioan kantatu zuen Onintza Enbeita Maguregik, eta bigarren postuan geratu zen 497 puntugaz. Zapatuan [abenduak 3] Larrabetzun jokatu den azken finalaurrekoan lortu du finalerako pasea, bestalde, Ibon Ajuriagojeaskoa Garmendiak. Ariketa guztiak egin ostean, Etxahun Lekuek lortu zituen puntu gehien Larrabetzuko finalaurrekoan, 527,5 puntu hain zuzen. Gernika-Lumoko bertsolariak, berriz, bigarren egin zuen 507,5 puntu eskuratuta.
Onintza Enbeita muxikarra kantuan Basauriko finalaurrekoan. Argazkia: Bertsozale elkartea
Larrabetzuko finalaurrekoan egon ziren bai eta
Ander Elortegi Garatea eta
Julen Erezuma Arzanegi gernikarrak ere, baina ez zuten finalerako sailkatzeko beste punturik lortu. Ander Elortegi Garateak 434 puntu eskuratu zituen eta Julen Erezuma Arzanegik 410,5 puntu.
Finala abenduaren 17an jokatuko da, 17:00etan, Bilbao Arenan. Finaleko ateak 15:30ean zabalduko dira, eta sarrerak erosteko bide desberdinak daude. Alde batetik,
www.bertsosarrerak.eus webgunean eskura daitezke, eta beste alde batetik,
finaleko egunean bertan txarteldegian erosi ahal izango dira sarrerak. Txarteldegia 14:00etan zabalduko da. Bertsozale elkarteak jakitera eman duenez, egun hauetan, gainera, Durangoko Azokako Bertsozale Elkartearen mahaian ere eskuratu ahalko dira.
ZORTZI FINALISTAK:
- Etxahun Lekue Etxebarria (Larrabetzu) 527,5 puntugaz zuzeneko pasea lortu du Larrabetzuko azken finalaurrekoan.
- Jone Uria Albizuri (Getxo) 514,5 puntugaz zuzeneko pasea lortu zuen Markina-Xemeingo lehen finalaurrekoan.
- Beñat Ugartetxea Ostolaza (Mallabia) 508 puntugaz zuzeneko pasea lortu zuen Basauriko bigarren finalaurrekoan.
- Ibon Ajuriagojeaskoa Garmendia (Gernika-Lumo) 507,5 puntu.
- Miren Amuriza Plaza (Berriz) 504,5 puntu.
- Onintza Enbeita Maguregi (Muxika) 497 puntu.
- Xabat Galletebeitia Abaroa (Lekeitio) 495 puntu.
- Nerea Ibarzabal Salegi (Markina-Xemein) 482 puntu.