Abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Egun izendatu zuen Eusko Ikaskuntzak 1949. urtean, eta 1995ean instituzionalizatu zuten, Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak bat eginda. Geroztik, hamaika ekitaldi egin ohi izan dituzte han eta hemen, egun horretan euskararen garrantzia nabarmentzekotan. Euskararen eguna urteko 365 egunetan izan beharko litzatekela aldarrikatzen dute askok eta askok urtero-urtero. Hala ere, beste hainbat dira abenduaren 3an edo aurreko edo hurrengo egunetan euskarari lotutako jarduera eta ekimen ugari antolatzen dituztenak: Ume, gazte zein heldu; ikasle zein irakasle; instituzio, erakunde, elkarte zein norbanako…
Euskal Herriko toki askotan ospatu izan ohi dute egun hori, eta aurten ere, badabiltza behar horretan. Busturialdean ere, hasiak dira ospakizun edota aldarrikapenekin.
‘Euskaraz bizi nahi dut’ ekimena, Bermeon. Argazkilaria: Garbiñe Astoreka.
Bermeon, 09:00ak inguruan atera dira gaur Euskaraz bizi nahi dut ekimenaren baitako martxagaz bat egin duten herritarrak. Taraskatik irten eta bertatik hasi dute ibilbidea eta Lameran bukatu dute, bertan egin baitute ekitaldi nagusia: Kontseiluaren oparien zozketa, Berbalagunen sari banaketa, bertsolariak, irrintzilariak, musika, euskalgintzaren aipamen berezia Ipuin Lapiko ekimenari, adierazpena eta parte hartzaile guztien familia argazkia.
Bestalde, hack.in#badakigu Bermeoko informatika elkarte askeak Euskararen Ginkana ekimena antolatu du. “Joko entretenigarri, didaktiko eta erraza da, edonork partehartzeko modukoa”, diote. Abenduaren 3tik 8raparte hartu ahalko da Euskararen Ginkanan. Joko horren bidez hiru helburu lortu gura dituzte: lehenik, teknologia berriak eta software librea sustatzea; bigarrenik, euskara sustatzea; eta hirugarrenik, euskal kultura eta zehazki Bermeoko kultura sustatzea eta zabaltzea. Hala, antolatzaileek Bermeon zehar 10 galdera kokatu dituzte, eta horiek erantzun behar dira. Erantzun ahal izateko, baina, lehenik eta behin galdera deszifratu beharra izango dute parte hartzaileek. Behin deszifratuta, erantzuna bidali beharko da, jokoan parte hartzen hasi ahal izateko.
Bermeon ez ezik, Busturian ere goizean hasi dituzte euskarari lotutako ekintzak. Hain zuzen, Bidea gara lipdub-a grabatzeko bildu dira hainbat lagun Axpeko plazan. Eskolako ikasle eta gurasoek, Busturia Txirrindularitza Taldekoek, Arrotegi egoitzakoek, Irrintzi-Alai dantza taldekoek eta beste hainbatek esku eta gorputzak mugituz, euskaraz bizi nahi dutela aldarrikatu dute.
Mundakan ere ez dira geldirik egon, eta herrian zehar korrika eginez ospatu dute Euskararen Eguna. Ume, gazte zein helduk hartu dute parte herri krosean, eta giro ona sortu dute guztien artean.
Muxikan ere kirola praktikatzen aritu dira. Muruetako herritarren bisita izan dute Muxikan, eta beraiek egindako herri kirolen erakustaldiagaz gozatu ahal izan dute Zubieta Errota inguruan bildutakoek. Umeek, gainera, Gabonetako postal lehiaketarako marrazten jardun dute goiza, liburutegian.
Kirola egiteko ez ezik, ikasteko eta jateko tartea ere izan dute muxikarrek; izan ere, taloak egiten ikasteko aukera izan dute bertaratutako umeek. Talo horiek nola egiten diren ikasi, praktikara eraman eta dastatu ere egin dituzte.
Gernika-Lumon, bestalde, Euskara ahotik airera ekimena antolatu dute, eta Merkurio iturri parean eskulan tailerrak, photocall-a eta puxiken txokoa jarri dituzte. Goizetik eguerdira bitartean bildu dira bertan, baina arratsaldean ere (18:30-20:30) leku berean egongo dira.
Arratsaldean, berriz, Arratzuk, Gautegiz Arteagak, Kortezubik eta Nabarnizek hartuko dute lekukoa; hala, lan aurkezpena, dantzak, grafiti tailerra, euskaraokea, txokolate jana, postal lehiaketako sari banaketa, ume eta gazteentzako ekintzak eta film laburren emanaldia izango dira herri horietan.
Aurreko egunetatik ospakizunetan
Atzo iluntzean abnatu zituzten Bai Euskarari ziurtagiriak, Gernika-Lumon.
Abenduaren 3a gaur bada ere, aurreko egunetatik hasi dira egun hori ospatzen. Gernika-Lumon, esaterako, eguenean hasi ziren motorrak berotzen. Irakurketa eta euskarazko liburuen zabalkundea sustatze aldera, 11 orduko irakurraldia egin zuten Elai-Alai areto txikian. Ikasle eta irakasleek, udaleko zinegotzi eta beharginek, komunikabideetakoek, norbanakoek eta beste hainbatek parte hartu zuten bertan. Guztien artean, eta 09:00etan hasi eta 20:00ak bitartean, Joseba Sarrionandia idazlearen Narrazio guztiak liburua irakurri zuten. Urdaibai Kantaguneak irakurri zituen liburuaren azken orriak, eta, horren ostean, abestu ere egin zuten bertan bildutakoen aurrean. Urtero legez, parte hartzaileek kopaua izan zuten aukeran, eta argazkia ere atera zuten guztiek batera.
Atzo, aldiz, Bai Euskarari Ziurtagiriak banatu zituzten Astran; hain justu, 27.
Bermeon, atzo hasi zituzten Euskararen Egunaren harira antolatutako jarduerak: film laburren emanaldia eta ipuin kontaketa saioa izan ziren aukeran. Busturian ere atzo eman zieten hasiera ekintzei, eta Euskararen aldeko adierazpenak bideo emanaldia jarri zuten herritarren eskura. Ean, bestalde, Arnasguneen tailerra eta erakusketa Eskolondon.
Busturialdeko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.