Fernandez gazteei azalpenak ematen
Erroxape Bermeoko Emakumeen Elkarteak emakumeek pairatzen dituzten indarkeria guztiekin amaitu gura du. Hala, ezinbestekotzat jotzen dute mikromatxismoak identifikatzen ikastea. Horretarako, bigarren urtez, gazteei zuzendutako saioak antolatu dituzte.
Saio horien bitartez, gazteek mikromatxismoak identifikatzeagaz batera, estrategiak eta baliabideak sortzen ikastea gura dute, indarkeria mota horregaz amaitu ahal izateko. Iaz, Eleizalde ikastolako 15 eta 16 urte bitarteko gazteek parte hartu zuten Erroxapek antolatutako programan. Aurten, ostera, Sagrado Corazon ikastetxeko ikasleen txanda izan da. Bi orduko bi saio egin dituzte asteon 15 eta 16 urteko gazteekin.
Equipare kooperatibako Arantza Fernandez Plaza egon da asteon beraiekin. Fernandezen arabera, bi orduko saio horien bitartez, begiak zabaldu gura dizkiete gazteei. «Beraien iritzi kritikoa eta kontzientzia piztea da helburua», dio.
Aldaketa ez da erraza
«Nahiz eta bi orduko saioak izan, batzuetan gazteek botatzen dituzten adibideetan nabaritzen da bere bizipenak aztertu dituztela, eta erabiltzen ditugun bideoak eta irudiak ezagutzen dituzte», esan du Fernandezek.
Hala ere, aldaketa ez dela erraza dio: «Adin tarte honetan, taldeak esaten duen modukoak izan gura dute. Gizarteak eta talde orokorrek neska eta mutil eredu zehatzak finkatzen dituzte. Hortaz, batzuetan formak aldatzen badira ere, barrukoa mantendu egiten da belaunaldiz belaunaldi». Gazteen aldetik, gainera, askotan, «aldaketarako erresistentzia» egoten dela dio, «eredu hegemonikoa zein den argi dagoelako».
Zenbaitetan haserratu ere egiten direla dio: «Norberaren usteak izan direnak desmuntatzen hasten garenean, batez ere».
Gai hori adin tarte ezberdinetakoekin eta administrazio edo elkarte ezberdinekin landu beharko litzakeela uste du Fernandezek; «modu batera edo bestera landuta; azken finean, gizartea aldatu beharra daukagu, matxismoa errotatu baitago».
Buelta emateko, guztien arteko lan amankomuna» beharrezkoa dela dio, «eskolak ere, horretan inplikatuta». Eskaintzen dituzten tailerrak arazoari buelta emateko «labur» geratzen dira Fernandezen iritziz, «baina lehenengo pausoa emateko balio dute».
Autodefentsa feminista
Indarkeriagaz amaitzeko garatu duten programak urtarrilean jarraituko du. Hain zuzen ere, autodefentsa ikastaroa antolatu dute urtarrilaren 14rako zapatua. Elkarteko arduradunek azaldu dutenez, egun osoko ikastaroa izango da, eta adin guztietako emakumeei zuzendutakoa da. Asmoa, gainera, gazteak zein helduak batzea litzateke.
Erreten parkean Erroxapek duen egoitzan izango da ikastaroa, eta dohainik izango da. Emagin elkartea arduratuko da autodefentsa ikastaroa emateaz, eta emakumearen ahulduntze prozesurako estrategiak emango dituzte.
Parte hartu gura duten horiek zabalik daukate izena emateko epea. Erroxape egoitzara joanda edota 94-605 84 44 telefono zenbakira deituta eman ahalko da izena.