Elkartasuna Zuluetari
Arantza Zuluetari elkartasuna adierazi eta isolamendutik ateratzea eskatzeko ekimenak egingo dituzte Lekeition. Txandakako enkartelada egingo dute abenduaren 10ean, EskolapeanBere urtebetetzea datorrela eta, Arantza Zuluetari elkartasuna adierazi eta i...
Arantza Zuluetari elkartasuna adierazi eta isolamendutik ateratzea eskatzeko ekimenak egingo dituzte Lekeition. Txandakako enkartelada egingo dute abenduaren 10ean, Eskolapean
Bere urtebetetzea datorrela eta, Arantza Zuluetari elkartasuna adierazi eta isolamendutik ateratzea eskatzeko ekimenak antolatu dituzte Lekeition, abokatuaren lagunek. Udaletxeko eskaileratan jarri dute lehen hitzordua, domekan, 13:00etan, zorion argazkia ateratzeko.Txokolate jana ere egingo dute Elkartasun Dendan, abenduaren 6an. Baina, ekitaldi gehienak abenduaren 10ean burutuko dituzte. Horrela, 12:00etatik 14:00etara, txandakako enkartelada egingo dute Eskolapean. Horrez gain, Zuluetarentzako postalak idatzi, serigrafiak egin eta sinadurak ere bilduko dituzte.
Arratsaldean, berriz, 18:00etatik 20:00etara elkarretaratzea egongo da Eskolapean, eta 20:00etatik aurrera, txikiteo aldarrikatzailea. «Isolamendurik ez! Arantza askatu! leloa daramaten petoak eramango ditugu jantzita», zehaztu dute.
Hiru urte isolatuta
Arantza Zulueta jasaten ari den egoera behin eta berriz salatu dute haren lagunek. Jakitera eman dutenez, Zulueta bakartze egoeran dago espetxean daramatzan ia hiru urteetan, eta Cadizko (Andaluzia, Espainia) Puerto III espetxean egon da denbora horretan guztian. «Madrilgo Estremera kartzelan egon zen hilabete gutxi batzuk kenduta, eta hor ere, bakartuta eduki zuten».
Ezarri dioten erregimenaren ondorioz, ez duela inolako jardueratan parte hartzeko eskubiderik azpimarratu dute Zuluetaren lagunek. «Ezin du inolako ikastarorik edo bestelako jardunik egin. Goialdea sarez itxita duen patio txiki batera soilik atera daiteke egunean lau orduz, gehienetan bakarrik, beste presorik ikusi barik». Hori gutxi balitz, ziegatik irtetzen duen bakoitzean gorputza haztatu egiten diotela zehaztu dute.
Elkartasun ekimenen bidez, Zuluetari indarra emateaz gain, «jasanezina» den egoera hori gizarteratu nahi dute, guztien artean isolamendutik ateratzeko.